ERALDAKETA FABRIKA

BEHE BIDASOAKO FORMAZIO ZENTROETAN AGERTU ZENEKOA

TESTUA: IKER EIZAGIRRE

“Forma zaitezte, zuen adimen guztiaren beharra izango baitugu. Mugi zaitezte, zuen gogo eta pasio guztia beharrezkoa izango baita. Antolatu, zuen indar guztiaren beharra izango baitugu”
(Antonio Gramsci, 1919)

Eraldaketa Fabrika programa, Behe Bidasoako behar ekonomikoak identifikatu eta horiei erantzun kolektiboak emateko sortu den programa da. Ez da beraz “ekintzailetza programa” bat: Eskualdean indarrean den garapen ereduaren inguruko hausnarketa zabal bat da eta hau klabe aurrerakoietan eraldatzeko iniziatiba kooperatiboen faktoria.

Fabrikako hausnarketaren ari mutur bati jarraiki iritsi ginen institutuetara. Lekuz kanpo akaso? Ekonomia, kapitalismoa, kooperatibak, zibilizazio krisia, ekonomia solidarioa… interes gabeko termino konplexuegiak Plaiaundi edota La Salle-ko gazteentzako? Ezta gutxiago ere. Izan ere, ekonomia, soilik, adituen eremu jotzea, hiritarrak honen inguruko eztabaidetatik kanporatzeko estrategia baina ez da. Ekonomia gure egunerokoa baita, eta gure egunerokoaz badakigu zer edo zer.

Batxilergo zein Lanbide Heziketako ikasleekin ekonomiaren zentzuaz aritzen gara Eraldaketa Fabrikak ikasgeletan lekua egiten duenean : Zerri esaten diogu ekonomia? Zertarako hainbeste ordu formatzen? Zergatik egiten dugu oro-har horrenbeste lan? Zertarako? Zeinentzako? Zer ondorio ditu gure antolaketa ekonomikoak ekonomian, naturan, eredu sozialean eta gure osasun psiko-sozialean? Nola egin genezake, ditugun behar espiritual eta materialak asetzeko baina planeta suntsitu gabe? Nola egin lana, enplegua, esperientzia alienatzaile eta trakets bat izan ez dadin eta garapen kolektiborako bitarteko bihurtzeko? Nola antolatu dezakegu lana, geure burua engranaje ekonomikoaren pieza huts ez bilakatu eta agentzia edukitzeko? Nola subjektu izaten jarraitu eta ez ugazaba batek “enplegatzen duen” objektu bilakatu? Nola prestatu dezakegu guzti hau gure ikasketa prozesuan? Ba al ditugu erreferentzia egingarriak? Nola? Non daude lana eta ekonomia beste modu batez ulertu eta bizitzeko egitasmoak gure eskualdean? Non lagun gaitzaketen aliantza eta ekosistema eraldatzaileak?

Galdera horiek denek gure garaian azkartzen ari diren krisi anitz eta sakonetara garamatzate: Krisi klimatikotik, zaintzen krisira, baliabide naturalen agortzetik, krisi ekonomiko amaigabera (zenbait ikaslek krisi ez den egoerarik ez dute apenas gogorazten jada). Esplotaziotik, aberastasun banaketaren desoreka basatira. Guzti honek kapitalismoaren erreforma aukerez eztabaidatzera garamatza. Azken aukera honen bueltan duda asko daude. Marka bezala bederen “kapitalismoak” ez du babes handirik ikas-geletan.

Arazotik, alternatibetara. Edo hobe esanda alternatibek eduki beharreko zenbait ezaugarri plazaratzera. Gure kasuan, lurralde eredu pos-kapitalista baterako, enpresek bere egin beharko lituzketen 9 ezaugarri proposatzen ditugu ikasgelan: Kolektiboa, Auto-Eratu eta Demokratikoa, Bideragarria, Bizigarria, Lurraldean Sustraitua, Eraldatzeko bokazioa duena, Hezitzailea, Dibertsifikatua eta Lanaren Burujabetzan oinarritua izango dena. Begi bistakoa: “Beste” eredu sozio-ekonomiko hori nahi badugu, ezinbestean beste enpresa eta jabetza ereduak indartu behar ditugu. Nahiz eta tarteka kontsumitzaile izan, ikasle gehienek argi dute: Amazon ereduarekin zuloa sakondu besterik ez dugu egiten.

Hor agertzen zaizkigu Ekonomia Sozial Eraldatzailea mugimendu ekonomiko-politiko gisa. Ekonomia Sozialaren familia handiaren barruan ere Kooperatibismoa. Kooperazioa duena harreman ekonomikoetarako printzipio, kooperatiba forma juridiko eta kooperatibismoa mugimendu sozio-ekonomiko. Zergatik mugimendu? 1895. urtetik hona, oinarrizko 7 printzipio komunean dituen errealitate sozial zabala delako kooperatibismoa: Atxikimendu libre eta borondatezkoa, kudeaketa demokratikoa, langileen parte hartze ekonomikoa, autonomia eta independentzia, langileen formazio/heziketarekin konpromisoa, kooperatiba arteko elkar-lana eta komunitatearekiko konpromisoa. Egun Nazioarteko Aliantza Kooperatiboaren baitan ideia hauek praktikatzen dituzten 800 milioi pertsona daude 89 herrialde ezberdinetan. Kapitalismoa gainditu ez badugu ere, bada zerbait.

“Mundu mailan” ez ezik, kooperatibismoak badu tokian tokiko historia. Garrantzitsua Euskal Herriaren kasuan.

“Arrasateko esperientzia” ezaguna alde batera utzita oraingoz, Eibar-ko Alfa enpresaren egoeran jartzen ditugu ikasleak (1920): “Langile asanbladan zaudete eta erabaki behar duzue, enpresa kapitalizatzeko kanpo inbertsore baten baldintzak edo langileok erosi eta kooperatibizatu”. Uste baino eztabaida gehiago gehienetan, aurretik esandakoa nonbaiten gorde dutenaren seinale. Bozka momentua… Txirrriiiiiiiiiiiiiiina!. Ozta ozta, azken unean baina kooperatibismoa beti garaile.

Oraindik ere eztabaidan eta, gure mundu aldrebes honetan ozta-ozta irabazten badio ere kooperazioak lehiari, elkar-laguntzaren aldekoak gero eta gehiago gara. Ikasgeletan ezinegona nabarikoa da nahiz eta askotan hori nola bideratu jakitea zaila den. Hutsune horretan izan dezake zentzua saioak; eraldaketarako itsas argi gisa, bide horretan dute zentzua Eraldaketa Fabrikak eta BDSKoop-ek. Hori da gure itxaropena. Akaso saioek utzi dute ezinegon bat, beharbada denborarekin masa kritiko bilakatuko dena. Eta apika, zeinek daki, erein eta erein, agortzen ari den bizitzaren aurkako sistema honek “crack” egiten duenean beste behin ere, lurralde bezala prest egongo gara jada errealitate bat den beste ekonomia hori orokortzeko. Prest eredua eraldatu eta bizitza eta natura erdigunean jarriko dituen ehun ekonomiko sakonki demokratiko bat artikulatzeko. Gertu ekonomia berriz ere bizitzaren mesedetan jarri eta oparotasun orokortuaren garaian murgiltzeko.

EKINTZAILETZA SOZIALERAKO IRIZPIDEAK

KOLEKTIBOA

AUTOERATUA

DEMOKRATIKOA

HEZITZAILEA

BIZIGARRIA

SUSTRAITUA

SARETUA

DIBERTSIFIKATUA

ERALDATZAILEA

LANAREN

BURUJABETZA

BIDERAGARRIA

Pin It on Pinterest

Share This