BATURA

HERRITARREI EUREN KONTSUMO OHITURAK ALDATZEKO MAPA IKUSGARRI BAT

TESTUA: PAREAN ELKARTEA

Ekonomia sozial eta eraldatzaileak Euskal Herrian egiten ari duen bidea ikusaraztea eta ESEren baitan aritzen diren enpresa eta bestelako ekimenei irizpide batasun bat ematea du helburu Batura egitasmoak. Sei urte daramatza xede horien atzetik lanean eta egindako lana ezagutzeko bertako kide IƱaki Agirrerekin egon gara.

1. Hasteko, zer da Batura?

Batura Euskal Herrian ekonomia sozial eta eraldatzailea (ESE) sustatzeaz arduratzen den elkarte bat da, eta bere proiektu estrategiko nagusia lurraldeko ESEko erakundeak biltzen dituen mapa digitalaren garapena da. Maparen honen bidez, ESEaren baloreen baitan lan egiten duten erakundeak non dauden, zer egiten duten eta nola jarduten duten erakusten da, eragile hauen arteko lankidetza sustatu eta gizartearekiko ikusgarritasuna areagotzeko helburu bikoitzarekin.

2. Noiz eta zergatik hasi zineten Euskal Herriko Ekonomia Sozial Erandatzailearen mapa hau egiten?

Batura Olatukoopeko zenbait kidek sortu zuten 2016an, Euskal Herrian ekonomia sozial eta eraldatzailea ikustaratzeko beharraz kezkatuta. Beraien asmoa kontsumo kontziente eta eraldatzailea sustatuko zuen proiektu estrategiko bat garatzea zen, bi helburu nagusi zituena. Batetik, herritarrei euren kontsumo ohiturak aldatzeko mapa ikusgarri bat eskaini nahi zieten, eta, bestetik, ESEaren ikuspegitik lan egiten duten enpresa eta bestelako ekimenei irizpide batasun bat ematea lortu nahi zen proiektuarekin. Era honetara, Batura izango zenaren ideia garatu zen, eta sei urteko ibilbidean lan mardula egin dugu Euskal Herrian ESEaren hedapena sustatzen jarraitzeko helburuarekin.

3. Zenbat esperientzia bildu dituzue dagoeneko?

Gaur arte 130 eragile baino gehiago identifikatu, elkarrizketatu eta gehitu ditugu mapara, baina hor kanpoan oraindik mapeatu gabeko beste askoz gehiago daude, eta horiek guztiak batzeko konpromisoa dugu. Ekonomia sozial eraldatzaileak gure lurraldean izan duen hedapen nabarmenarekin batera, gure erronka fundazionala gero eta handiagoa bilakatzen ari da, baina pixkanaka Baturaren mapa zabalkunde horren osotasunaren isla izatea lortuko dugu.

4. Zer nolako balioak jarri nahi dituzue erdigunean?

Sistema kapitalistaren eta egungo gizarte ereduaren agortze zantzuak eta mugak gero eta ageriagoak bilakatzen ari dira: larrialdi klimatikoa, desberdintasun sozioekonomikoa, lurralde desoreka, zaintza krisia, herritarren burujabetza eza… Bada, horren guztiaren aurrean, ekonomia sozial eta eraldatzailea herritarren bizitzen eta lurraren garapen jasangarri eta duin baterako alternatiba gisara aurkezten zaigu, Baturatik ere sustatzen ditugun baloreak oinarri hartuta: justizia soziala, feminismoa, ekologismoa, demokrazia eta, batik bat, komunitatea eta hura osatzen dutenen bizitzak erdigunera eramateko beharra.

5. Zein irizpideren arabera egiten duzue elkarrizketa eta balorazioa?

Ekonomia sozial eta eraldatzailearen ikuspegitik lan egiten duten enpresa eta eragileak mapeatzerako orduan, lehenik horietako bakoitzarekin elkartu eta haien jarduna hamasei irizpideren arabera errepasatzen duen elkarrizketa bat egiten diegu, hurrengo arloak jorratuz: barne demokrazia, langileen garapen pertsonala, ikuspegi feminista, lan baldintzak, jabetza, hornitzaileak, interkooperazioa, lizentzia askeak, gardentasuna, finantza kudeaketa, kohesio soziala, eraldaketa soziala, euskararen erabilera, jasangarritasun ekologikoa, hondakinen kudeaketa eta kontsumo energetikoa.

6. Proiektu eraldatzaileen erakusleiho izateaz gain, hauen arteko saretze eta interkooperazioa bideratzeko tresna ere bada Batura. Zein interkooperazio esperientzia sortu dira?

Beterri Saretuz deitzen den interkooperazio nodoaren sorreran aritu ginen lanean. Beterri Saretuz, Beterri Buruntzako Ekonomia Sozial Eraldatzaileko hainbat ekimenek sortutako sare bat da, eskualdean ESEaren baloreak, enplegua eta elkarlana sustatzea helburu duena.

7. Zer nolako egoera bizi du ekonomia sozial eraldatzaileak Euskal Herrian?

Gure herrian betidanik eman dira ESEaren logikan egon daitezken praktikak baino ez zaie egitura edo izen espezifiko bat eman lanerako alternatiba hauei. Gaur egun, oraindik ezagutarazten eta finkatzen ari den mugimendu bat da ESEa, denon artean pixkanaka sortu behar duguna. Gizartearen parte handi batek ulertu eta babesten ditu ESEaren baloreak baino ez da konsziente mugimendu antolatu bat dagoela praktika on horien alde borrokan dagoena. Ideiak ezagutaraziz eta eragile berrien atxikipenari esker joango gara egonkortzen

8. Eta zer nolako etorkizuna ikusten diozue?

Euskal Herriaren burujabetzaren bidean, gure herriaren beharrak asebeteko dituen ehun ekonomiko bat sortu behar dugu, herritarrek neoliberalismoaren logika suntsitzaileetatik aparteko kontsumo alternatiba bat izan dezaten. Horretarako gakoa gure baloreak zabaldu eta eragileen saretzean dago. Konpromezu desberdinak hartuz eta jendearengana iritsiz egonkortu eta indartuko de ESEa.

9. Bizi dugun krisi ekonomiko sistematikoaren aurrean, aukera erreala da ekonomia sozial eraldatzailea?

Gure ustez iraultza ekonomikoa ez da ESEaren eskutik soilik etorriko. Egungo sistema ekonomikoarekin hautsi nahi badugu lan asko dugu egiteko instituzioak, herritarrak zein ehun ekonomikoak antolatu behar dugu horren kontra egiteko. Hainbat modu daude sistemaren aurka egiteko eta denak dira zilegi eta errespetagarriak. Sistema irauli nahi dugunon arteko mugimenduen arteko elkarlanetik soilik etorri daiteke eraldaketa eta ESEak hor egon behar du; eraldaketa prozesu honetako ehun ekonomikoan balore eraldatzaile, parekide eta jasangarrien alde borrokatuz.

Pin It on Pinterest

Share This