AUZO PLANAK ETA LEKU-GINTZA

ESPAZIOAREN DEMOKRATIZAZIOA IPAR (I)

TESTUA: IKER EIZAGIRRE

ILUSTRAZIOA: LUCIA CALVO

 

“Hiria eta espazioaren eraikuntza demokratiko baterako, behetik gorako logikak erabili behar ditugu. Hauek auzoetatik hasten dira hauentzako eraginkorrak izango diren planifikazio tresna berriak erabiliz” (Laia. 2. alea)

Aipuan hitz potoloz iragarritakoa aletzeko momentua heldu zaigu. Ariketa konstatazio ageriko baina dramatiko batetik abiatu nahi dugu: Gure bizitzen euskarri eta baldintza den espazioaren gainean erabakiak hartzeko, gure habitata definitzeko eskubidea ebatsi zaigu herritarroi. Lurraldean gara, baina gehiengoen hitz eta beharrak ez daude lurralde eta hiri antolamenduan islaturik. Leku antroplogikoaren porrota ez-leku hiper-modernoaren aurrean uka ezina da.

Putzu goibel honetatik hasita, dinamika espazial antidemokratiko hori ezaugarrituko dugu: Kapitalaren espazioa hartuko dugu hizpide. Honen aurrean, auzoak eta auzo planak aldarrikatuko ditugu beharrezko dugun “leku-gintza”-rako. Bidai espazialerako prest beraz.

KAPITALAREN EZ-LEKUAK ETA DEMOKRAZIA ESPAZIALA

Lurralde antolamendua eta hirigintza ekonomia politikoaren muinera doan afera da(1) . Hau horrela, kapitalismoak bere genealogiatik lurralde dimentsio hau metaketa logikan azpiratzea izan du xede. Bi arrazoi medio geografia eta honen nolakotasuna funtsezkoak dira kapitalismoarentzat:

  • Espazioa negozio borobila delako: Kapitalismoaren aurreko pentsamendu ekonomikoak, lurra (lana eta diruarekin batera) salerosketa harremanetik babesten zuen: Jendartearen sustengurako oinarrizko baliabide dela ondotxo zekiten eta honela usadiozko arau berezitua zuen lurrak. Liberalismoak lotura sozial hau birrindu eta lurra salerosketarako merkantzia bilakatu zuen. Beste edozeinen pare jarriz, zorua espekulazio eremu bilakatu zen. Hirien hedapenari loturik, eraikinak, hirigintza zein azpiegituren ekoizpena estatu babesa zuen negozio ziur eta borobil bilakatu ziren segituan. Kapitalaren inbertsio nitxo kuttun XIX. mendetik gaur arte.
  • Kapitalak espazio jakin batzuk behar dituelako: Nola joan egunero lanera, nola ekoiztuko genuke egungo baldintzetan errepide, portu, aireportu, antena, internet hari, trenbide,… gabe? Horiek denak eredu ekonomiko jakin bati erantzuten dion ekoizpen bitarteko eko-sozial eta tekniko erraldoi bat osatzen dute. XIX. mendetik hasi eta egungo kapitalismo global eta hiper-bizkorraren lurraldera iritsi arte. Marx-en hitzetan, kapitalak espazioa denboraren bidez deuseztatzeko misioa izan du bere sorreratik. Botere politikoa, teknifikazioa, azpiegiturak eta lurralde artikulazio jakin bat izan dira burgesiaren arma nagusiak egiteko honetan(2) . Honezkero konturatu ginen super-portu, AHT, zentral termiko, konurbazio, merkantzia tren hari eta errepide berriak… ez direla egiten gure ongizatearen mesedetan. Ezta?

Hortaz konbentzitu gaitezen: Egun bizi dugun espazioaren nolakotasuna, kapitalaren mesedetan eraikia da. Herritarron erabakimen eremutik kanpo kokatu da lurralde planifikazioa, zentzu sakon batean gure bizi-habitat alienatuak izan garelarik. Demokrazia espaziala hutsala da gure jendartean: Ez dugu gure bizien euskarri eta baldintzatzaile izango den espazioren gainean inolako erabakimen gaitasunik. Ez dago agendan eta ez dago horretarako tresna efektiborik ere.  

Espazioaz ari garela ekarri dezagun Marc Augé antropologoa. Etnologo frantsesak espazio sozializatuaren zentzu sakon bat laga zigun, “leku antropologikoa”: Espazioaren eraikuntza sozial eta kulturalak ematen du lekua ondorio gisa, espazioaren lanketa sozial-komunitarioaren ondorio da lekua. Normalki geldo laboratzen den obra historikoa. “Lekua, esan-nahi eta zentzu biltegi da, bertan bizi direnentzat eta ulergarritasunaren printzipioa behatzen duenarentzat” diosku Augé-k. Zer esan nahi du honek? Ba jendartea bera, bere antolaketa sozial, politiko eta mundu-ikuskerarekin espazioan zizelkatua dela. Espazioarekiko dialektika geldoan bertan islatua dago, modu batean “gogortua”. Adibide argiena gure herri gehienetan ditugun alde zaharrak dira: Bertan gure historia harrietan irakur daiteke, aurreko belaunaldiak espazioan daude lekua zentzuz bustiz. 

Kontrako muturrean ez-lekuak. Gure aroan kapitalarentzako eraikitako espazio des-sozializatuak. Hauetan garapen tekniko ultra-azkarra antzeman daiteke, baina ez bertan bizi den komunitatearen aztarnarik. Anonimatuaren tenpluak ei dira. Aireportu, mega-geltoki, zentro komertzial, goitik behera azkar batean eraikitzen diren hiri gune erraldoiak… izan daitezke hiper-modernitatearen ez-leku adibideak. Gero eta gehiago dira tamalez. 

Honela, espazioaren ekoizpen demokratikoaren aldarria bada zentzu batean, ez-lekuen kontrako eta leku sozialaren, hortaz sozietatearen aldeko borroka bat ere. Kapitalari gure lurraldea, hiria eta auzoa berreskuratu eta gure izate kolektiboa bertan islatzeko eskubidea erdiestea. 

BIDEAN, PLANIFIKAZIO TRESNEN GARRANTZIA 

Auzora jaitsi baino lehen argipen bat: Kapitalak ez du zuzenean agintzen eta dekretuz antolatzen lurraldea eta hiria. Botere politikoa lagun eta jakintza, gaitasun eta diskurtso hiper-teknifikatua zilegitasun iturri, eliteek “antolamendu tresna” ezberdinen erabilera egiten dute horretarako. Aipatu logika eta esan ezin diren interes partikular horiek, plan jakinetan lurraldetzen dira, planifikazio tresnak erabiliz. Gida lerro, plan eta arau multzoz ordenatzen da espazioa(3)

Hiritarrongandik gertuen dagoena Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) da. Tresna garrantzitsua, egun prozesu oso anti-popularrez definitzen dena(4) . Honen osaketan ematen den parte hartzeaz harago, hiritarroi, hiriaren planifikazioan parte hartzeko esparru arautuak desagertu egiten zaizkigu gehienetan.  

Arau, burokrazia eta super teknifikazio honen aurrean, planifikaziorako eskala egokiagoak aukeratzera behartuak gaude. Leku-gintza ahalbidetuko duten eskalak, aurrez-aurreko komunitateen espazio/denbora eta logikei leku egingo dieten gertuko eskalak. Horiek lantzeko tresna eta prozesu berriak… Baina zein? Gaur eta hemen gure apustua argia: Auzo Planak.

AUZO PLANA 

Labur auzo-gune batek, gaitasun komunitarioan oinarrituz (behetik gora) eta auzo-deliberazio zabal batean oinarrituz osatzen den agenda propioa da Auzo Plana. Hortaz leku-gintzarako prozesua eta tresna da aldi berean. Bi ezaugarri nagusi ditu: 

  • Lurraldearen lanketa integrala egiten du: Agenda honek hirigintza ikuspegi hertsia gainditzen du gehienetan. Izan ere, abiapuntua ez da araudia, auzo-kideen behar eta proposamenak baizik. Honela, espazio publikoa eta hirigintzaz gain, auzo bizitzan eragiten duten aspektu anitzak integratzen dira agendan: Ekipamenduak, auzo-ekonomia, berdintasuna, kultur-artekotasuna, gazteak, 3. adina, segurtasuna, kultura, etab. “Habitat” hori den auzoa zeharkatzen duen edozein dimentsio da balekoa kolektiboki hala ebazten bada. 
  • Ehuntze komunitariotik, ehuntze komunitariora doa: Auzo Plan batean abiapuntua bere inguru hurbilaren gainean erabakiak hartu nahi dituen subjektu kolektibo bat da. Auzo elkartea eta auzo-komunitatea hobetzea xede duen bulkada. Honetarako espazioren gaineko deliberazio prozesua aktibatzen da eta espazioa diseinatzeko parte hartzean, komunitatea bera ere indartzea da. Leku antropologikoaren nozioa berreskuratuz, komunitate horren behar eta izaera auzoan islatzea bilatzen da, honen oraina zizelkatu espazioan etorkizun hobe baterako(5) .

Auzo Plan bat osatzeko prozesu komunitarioak oso ezberdinak izan daitezke, auzoaren ezaugarriak baitira abiapuntu. Abstrakzio metodologikoa aplikatuz fase hauek bete ohi direla esan genezake: Talde eragile baten osaera (auzokide eta bide-laguntza teknikoa normalki), auzoaren diagnostiko kualitatiboa, deliberazio fasea (diagnostikoa, ildo estrategikoak eta esku-hartze konkretuak adosteko baliatua), auzo agendaren definizioa (prozesua txostenera modu ordenatuan eramateko ariketa), auzoari aurkezpena eta jarraipena (Planaren egikaritzeari loturiko prozesu iraunkorra). Azken ariketa iraunkor honek sarri, auzogintzaren potentzia handitzeko bideak irekitzen ditu, bertako elkartegintza harremanetan jarriz agenda komunaren bueltan eta Auzo Elkartea gaindituz eta auzo koordinadorei bide emanez. 

Plan batzuek badute udalaren begirunea, beste batzuek mespretxua udal autoritatea higatuko dutenaren beldur edo. Mesfidantza honek inertzia zentralista eta burokrazia zalea du oinarri. Izan ere, udala ere garaile prozesu hauetan: Behar konkretuak zeintzuk diren identifikatzen laguntzen baitu auzo-prozesuak, udal politiken eraginkortasuna handitzeko pistak emanez.

Esperientziak dio, Auzo Planak prozesu egokiak direla hiritarrak hirigintzan murgildu eta subjektu erabakitzaile gisa ahalduntzeko. Besteak beste, ez duelako araua abiapuntu, zorroztasun metodologikoa alboratu gabe kode eta lengoaia herritarragoa delako eta faseen epeak ere auzo erritmora egokitu daitezkeelako. Gainera, planifikatzen den eremua gertukoagoa denez askoz hobe ezagutzen da eta honen planifikazioa gertuko komunitatearekin (auzoa) egiten denez, esperientzia erosoago eta eraginkorragoa da. Demokraziak auzoan, gozamen popular eta festa itxura ere har dezake askotan. Prozesuaren inpaktuak epe motzagorako eta nabariak izan daitezke batez ere udalaren babesa badago. Landu beharreko aferak aurretik determinatuak ez egoteak, lanketa integral eta inklusibo bat egitea ahalbidetzen du goi-teknikak markatzen dituen jakintza bereizien zentzugabekeria gaindituz. Bukatzeko auzo-kideak talde eragileko kideak izateak prozesuaren kontrola ematen die, hau auzoan errotuz eta auzogintzarako potentzia endogenoa handituz.

KONSPIRAZIO DEMOKRATIZATZAILEAN PULUNPATUZ… ETA ESPAZIOA BALITZ GAKOA?

Egun, Auzo Plana esperientziak badira, baina ez daude arautuak, ez dira halabeharrezkoak HAPO bat izan daitekeen bezala. Ez dira planifikazio tresna onartuak. Baina… eta izatea lortuko bagenu? Eta Plan Orokorra Auzo Planetatik abiatuko balitz, Auzo-Planen “Hiri Plan” parte hartu bat edukiz abiapuntu? Eta horretarako hirian, Auzo Bilgune indartsu bat eraikiko bagenu? Herritar eskola ahalduntzerako, Auzo aurrekontuak Auzo Planak aurrera ateratzeko… HAPO-a Auzo Planen deklinazio juridiko-urbanistiko gisa… Demokrazia espaziala eraikitzeko prozesu anbizioso bat irekitzen ariko ginateke… ezta?

Ondo pentsatuta, ba al dago hiritarrok komunean dugun elementurik, gure habitat-a baino garrantzitsuagoa dena? Gure egunerokoa baldintzatzen duenik, isilpean baina etengabe? Ez al da espazioa, materiala den guztia biltzen duen “komunal” handia? Gure bizitzen sustengu materialaren oinarri erraldoia lurraldea?

Hau horrela, lurralde planifikazioaren demokratizazioa, demokrazia bera litzake, zentzu zabalenean. Eta demokrazia erradikalaren gakoa, prozesu praktikoa espazioaren antolamendu demokratikoan balego? Ez al litzateke hori demokrazia material zuzena?

Galdera gehiegi testu itxiera baterako. Hurrengo alean amesteari utzi, eta konspirazio hau, planifikatzen hasi beharko dugu.

1- Hirigintzak hiria ordenatu eta egiten du, landa zein hiri lurrak kalifikatu, klasifikatu eta aprobetxamenduak zehaztuz. Lurralde antolamenduak aldiz, hiriaz gaindiko eskala ordenatzeko egitekoa du: Hirien hedapena aurre-ikusi eta bideratu, hauen arteko harremanak, erakarpen poloak definitu, garapen teknologikorako azpiegiturak, garraio azpiegitura sare estrategikoa marraztu, etab.

2- Esamolde eder honekin, kapitalak bere metaketa zikloan denborak azkartzeko duen beharraz ari zaigu Marx. Geografia gainditzeko beharra distantzia-denbora erlazioa murriztuz. Inbertsio bat egiten denetik, lan prozesura, merkantzia ekoizpenera, banaketa, salmenta eta ordainketarako denbora ahalik eta txikiena izatea bilatzen du kapitalak. Kreditu beharra ekidin eta ez zorpetzeko, metaketa azkarragoz lehiakorrago izateko. Abiadura gero eta azkarragoko garraiobideak eta telekomunikazioen “berehalako” teknologiak dira, egungo adibide esanguratsu batzuk.

3- Asko sinplifikatuz 3 dira gure bizi-habitata planifikatzeko tresnak, eskala handienetik gertukoenera: Lurralde Antolamendurako Gidalerroak, LAG (EAE antolatzen duena), Lurralde Plan Partzialak, LPP (LAG-aren pean eta honek zedarritzen dituen 15 eremu funtzionalak ordenatzen dituena, Behe Bidasoa “Donostialdeak” LPP”-ak ordenatuko du) eta Hirigintza Antolamendu Plan Orokorra, HAPO (aurrekoek diotenari men egiten dion udala arau nagusia hirigintzari dagokionez). Demokrazia espaziala borrokatzera bagoaz, hauen ezagutza funtsezkoa da. Hemen eskuragarri: https://www.euskadi.eus/informazioa/lurralde-antolamendurako-tresnak/web01-a3lurral/eu/

4- Legeak parte hartzeari begira ezartzen dituen betebeharrak: Dokumentuen zabalpen publikoa egitea, saio bat egitea eta 2 hileko alegazio fasea irekitzera (Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea).
5- Aurreko artikulu batean erabili genuen K-P/Z-K’ zikloa erabil genezake oraingoan ere; kasu honetan Komunitatea-Lekua-Komunitatea’ (K-L-K’) zikloa aipatuz. Hau da, espazioa leku bilakatzeko prozesu deliberatiboan indartzen den komunitatea da Auzo Planak bilatzen duena: K’ bere egin duen hiri-espazio kolektibizatu batean

Pin It on Pinterest

Share This