BORDERLINE FABRIKA

ARTEETATIK KOMUNITATE ARTEKO NAHASKETAZ GOZATZEKO GUNEA

TESTUA ETA ARGAZKIAK: GARI GARAIALDE

Tarte luze batez espazioa eraldatzen ibili ondoren, azkenik, 2021eko martxoan zabaldu zuten Borderline Fabrika; Hendaiako geltokiaren albo batean dagoen ‘lan egin eta topatzeko lekua’. Proiektua ezagutzeko asmoz, bertako kide eta bultzatzaile den Ander Fernandezekin egin dugu zita, kontatu diezagun zer den Bordeline Fabrika eta zerk bultzatu zituen Hendaian horrelako ekimen bat abiatzera.

Zer da Borderline fabrika? Nondik dator proiektua?

Hasiera batean, 3 lagunen gogoaren ondorioa da Borderline Fabrika. Hendaian, elkar-topatzeko gune bat sortzeko beharra ikusi genuen hiru lagunen gogoa. Gerora, hiru lagun horiek arte-eszenikoetako jendea izanik, lanerako espazio bat edukitzeko proiektua bilakatu zen. Lanerako espazioak behar genituen, behar ditugu; hasteko, sortzeko gune baten beharra genuen, artearen inguruan lan egiteko, eta sortutakoa partekatzeko espazio bat. Horretarako taberna bat leku aproposa iruditu zitzaigun. Horrez gain, bulego lanak egiteko espazio bat behar genuen, artista garen arren, bulegoan lan asko egiten baitugu. Hiru horiek biltzen ditu gune honek: batetik taberna, sozializatzeko eta sortutako partekatzeko gune bezala, bestetik praktikarako toki bat, bai guretzako, lanabes bezala, baina baita ere transmisio gune bezala, tailerrak egiteko eta azkenik bulegoak.

Borderline elkarte bat da, duela 5 urte espazio bati begira sortu zen elkarte bat. Hemen bi ideia edo bidek egin zuten topo: Alde batetik, udalak, Mendizolan, Hendaiako 6-7 konpainia profesionali bulegoak utzi zizkigun, lehenago aipatu dudan bulego lan horiek egin ahal izateko eta bertan profesioko jendea elkartzen ginen, eta paraleloki, SNCFek eginiko deialdi bati erantzunez Hendaiako geltokian dagoen gune hau ezagutu genuen. SNCFek, Akitania zaharreko tren geltoki ugaritako espazio hutsak tiers-lieu edo hirugarren leku* formatuko proiektuetan bilakatzeko deialdi bat egin zuen, eta espazio baten beharra ikusten genuen hiru lagunek interesgarri ikusi genuen geltokiko espazio hau.

Udalak utzitako bulegoetan lanean ginen jendea elkartu eta espazio honi begira proiektu bat aurkeztea bururatu zitzaigun. Proiektu bat aurkeztu behar izan genuen, sinesgarri bihurtu, atzean modelo ekonomiko bideragarri bat genuela frogatu, aurrekontuak, ekipo bat… eta negoziazio luzeen ondoren, proiektua onartu egin ziguten.

Elkartea zabaltzen joan da bidean, deialdi ezberdinak egin genituen, bilera ireki pila bat, gaur egun dagoen lantaldea sortu arte. Hala ere, esan behar dugu elkartea lanean aritu dela lokalik edo espaziorik izan ez dugun urteetan ere, eta proiektuak bizirik mantendu dugu; bere bidea egin du. Formakuntzak egin ditugu urte hauetan, akzioak han eta hemen, irrati saioak kalean, antzerkiak, kontzertu txikiak… modu intinerantean, ahal izan dugun moduan, baina aktibo jarraitu dugu.

Espazioa eraldatzeko lanak oso luze joan zaizkigu, atzerapen handiak izan dira arrazoi ezberdinengatik eta martxa hartua zuenean, pandemia mundiala etorri zen. Mal de ojo antzeko bat izan dugula esan daiteke, baina azkenik, iaz amaitu ziren lanak eta gaur egun, Borderline fabrika Hirugarren Leku bat da.

Nola antolatzen da Bordeline Fabrika?

Elkarte bat da Borderline. Kooperatiba bilakatzeko ideia dago hasieratik, baina gaur-gaurkoz ez da gauzatu. Antolaketa aldetik, kopresidente talde bat dago, ardura legalak dituena eta etxekoak izena duen talde eragile bat dago. Erabakiak etxekoek hartzen dituzte, estatutuen arabera, baina beti presidentekideekin elkarlanean egiten dugu.

Gero, beste maila batean bazkideak daude, proiektuari babesa ematen diotenak. Bazkideekin ez dugu nahiko genukeen lanketa egin; babes ekonomikoa ematen diote Fabrikari, baina hausnarketa bat dugu egiteko, pentsatu beharra dugu ze onura eman bazkideei, nola inplikatu bazkideak proiektuan. Badira planteamenduak, bazkideak tabernan modu boluntarioan parte hartu dezaten, ekitaldi ezberdinen antolakuntzan eta kudeaketan inplikatzeko… Jada egin dira halakoak eta egiten dira, baina gehiago zabaldu nahi da.

Hori da organigrama. Gero lantaldeak daude, elkarte guztietan bezala, arlo bakoitzaz arduratzen den lantalde bat. Hilabetero egiten ditugu bilkurak, lantalde guztiak batera, eta asteko bilkurak libreak, ahal duena etorri dadin. Elkarteko kide ugari intermitenteak dira eta horrek, aukera ematen digu lana liberatzeko.

Etxekoak deitzen diozuen talde hori, talde itxia da?

Bai, berez, talde itxia da, baina badaude moduak berritzeko, jendea sartu eta irteteko. Arautegi bat dugu, azaltzen duena zein pausu eman behar diren etxeko berri bat sartzeko… Oraindik ez da gertatu, baina, bokazioz zabaltzeko izpiritua du. Ez edonori, ez edonola, urte asko baitira jada, lan asko egin da eta nahiz eta eboluzionatu beharko duen, oraindik ez da gertatu… egia esateko, hasi berria da proiektua, oraindik ia-ia ez da martxan hasi; naturalki etorriko da. Inplikatuko den jendea behar da, parte hartuko duena, proiektua ulertuko duena… Hori dugu argi, etxekoa izango da proiektua ondo ulertu eta proiektuarekin jarraituko duena. Zaindu behar dugu nola berritu, baina berritu beharko da.

Hasieran aipatu duzu, baina zergatik taberna bat? Zer bilatzen zenuten taberna zabaltzearekin?

Alde batetik, uste dugu Hendaian horrelako gune-taberna bat falta zela. Jendeak asko eskertu du taberna zabaltzea eta bestetik, hasieran aipatu bezala, leku egokia delako sozializatzeko. Hendaiak badu gabezia bat komunitate arteko nahasketari dagokionez. Komunitate ezberdinak daude herrian, oso elkarte indartsuak, baina bakoitza berera doa, oso atomizatuta dago. Komunitateen arteko elkar-trukea egiteko paper aproposa jokatu dezakeela uste dugu; hutsune hori bete dezakeela. Gainera, nahasketa hori artetik, kulturatik egingo duen toki bat da. Hor egin dezake Borderlinek, komunitate horien nahasketan. Ez da bakarrik zerbezak hartzeko toki bat. Ez du hori izan nahi.

Taberna bat toki egokia da, buila handian, juergan jendea nahasteko, komunikatzeko eta bizipenak elkartrukatzeko, baina baita ere modu lasai batean disfrutatu, gozatu eta gero horren inguruan hitz egiteko. Emanaldiak eta kultur ekimenak egiteko espazio bat da. Bertako kideek, hasierako ideiari jarraituz, gure sorkuntzak jendaurrean erakusteko toki aproposa da.

Gainera, ipar-hego trukaketarako toki estrategikoa da. Bi aldeetako jendea honat ekartzeko, haien arteko tratuak egin eta sareak sortzeko.

Egia da tren geltoki batek komunitate nahasketa horretarako egokia ematen duela tren geltoki batek

Bai, tren geltoki bat komunitate-arteko nahasketarako oso interesgarria da. Kontzeptu bezala, pasabidearen ideia oso erakargarria egin zitzaigun hasieratik. Jendea atzera eta aurrera ibiltzen da hemen, ez euskaldunak bakarrik, aldi berean urrutiko jendea ere badago, Normandiako jendea pasatzen da bertatik, ingelesak, Andaluzak… Portugesak ere ugari; mundu guztiak ezagutzen du Hendaiako tren geltokia. Topoa ere bertara iristen da.

Gainera, ez da geltokia bakarrik. Guk argi dugu auzoan kokatuta gaudela eta garrantzi handia ematen diogu inguruari. Bertatik eta bertarako egiten dugu lan, auzoari begira. Hasiera-hasieratik, oraindik gune honetan lanean hasi aurretik, ekintza artistikoak egin izan ditugu auzoan, auzoko jendearen etxeetan, auzoaren memoria berreskuratzeko lanak egin dira, zirkuitu artistikoak, ikuskizunak ekarri dira auzora. Asmoa da ingurua habitatu eta espazioa eta auzoa bizitzea, auzoan bizitzea. Bai eta kanpotik jendea hona ekartzea ere.

Tabernaren espazioaz gain, bulegoak eta lan elkartuko gune bat antolatu duze. Nori zuzenduta dago coworkina?

Ez dakigu oso ondo, ez dugu definitu. Guk eskaintza bat argitaratuko dugu, eta eskaintza horretan ondo txertatzen den edonorentzako izan daiteke aproposa. Ez du zertan arte edo kultur munduko jendea izan beharrik. Suposatzen dugu, naturalki, arte munduko jendea hurbilduko dela, baina guk ez dugu morretara mugatuko. Interesa duen edonorentzako dago irekita.

Aipatu duzu formakuntza saioak egin dituzuela. Zertan da hau?

Orain arte modu puntualean egin izan dira formakuntza tailerrak, baina asmoa da modu jarraian antolatzeko. Nahiko genuke astero izatea formakuntza tailerrak. Guzti hori antolatzen hasi beharko dugu, orain makinaria martxan jartzen ari dira horretaz arduratzen direnak. Gaur gaurkoz maila ezberdinetako Tango ikastaroak daude, zirku tailerra izan da, haur eta gurasoentzat, eta profesionalentzako ikastaro trinkoak egin nahi dira, zirku sorkuntzarako formazioak, Zirku dramaturgia tailerra Roberto Magrorekin… Baina gazteentzako modu jarraian antolatzen hasi nahiko genuke, asteroko eskaintza garatzen hasi. Boluntarioak izanik, gauzak ahal direnean egiten ditugu, beste erritmo bat eraman behar dugu. Pazientzia izaten ikasi dugu eta hala ibili behar dugu.

Zein toki du euskarak Borderline Fabrikan?

Borderline Fabrika Elkartean erdi eta erdi izango gara euskaraz dakigunak eta ez dakigunak, baina badago euskararekiko sentsibilitate eta gogo bat. Badakigu, sarri, gogotik edo asmotik praktikara salto bat izaten dela, baina ezin dugu deus egin, baizik eta jendeari gogoa piztu ulertzeko eta praktikatzeko. Elkartearen sorrerako manifestu artistikoan adierazi zen euskarari garrantzi emango zitzaiola. Barnera begira, ez dugu bilerak euskaraz egiteko gaitasunik, baina kanpora begira, komunikazioa jarduera guztietan euskara lehenesten da.

Lehentxeago hitz egin duzu ipar-hego harremanari buruz. Ba al du Bordelinek mugaz gaindi eragiteko gogorik?

Bai noski, gogoa bai. Borderlinek mugaz gaindi lan egin nahi du eta eragin nahi du. Mugaren bi aldetara begira lan egin nahi badugu ere, argi dugu ez dela erraza mugaz gaindi jardutea. Bakoitzak bere ingurua du eta hizkuntzak ere badu eragina. Gainera, muga geografikoetan baino, muga kulturaletan edo gizarte-multzoen arteko mugetan ere eragin nahiko genuke; lehen esan bezala, muga guztiak puskatu nahiko genituzke, baina ez gara iristen. Azkenean funtzionatzen duten gauzak egingo ditugu. Borderlineko kideen intereserako gauzak egingo dira eta gauza horiek komunikatzen eta zabaltzen saiatu, pentsatuaz jende gehiagori interesatuko zaiola. Gogoa badugu mugak hautsi eta jendea erakartzekoa, baina ez dakit zein den bidea, ez da erraza asmatzea norengana jo. Hain da zabala gizartea! Beraz, erantzuna litzateke bai, gogoa bai, baina ez dakigu nola.

Gehiago jakiteko:

https://borderlinefabrika.weebly.com/

*Borderline Fabrika-ko buletina jasotzeko HEMEN eman izena

Pin It on Pinterest

Share This