HIRUGARREN LEKUAK

TESTUA ETA ARGAZKIAK: GARI GARAIALDE

Komunitate-eraikuntzan, hirugarren lekua, ohiko bi gizarte-inguruneetatik bereizita dagoen ingurune soziala da. Norberaren etxea litzateke lehen tokia eta lantokia, jendeak denbora gehien pasatzen duen esparrua, litzateke bigarren tokia (mugikortasun triangeluarrei eta pendularrei lotutako kontzeptua da).

Ray Oldenburg hiri-soziologo estatubatuarrak asmatu zuen Hirugarren leku terminoa eta Celebrating The Third Place eta Great Good Place liburuetan jardun zuen, sakon, bilgune publiko informalen garrantziaz.

Oldenburgen hitzetan, hirugarren lekuak garrantzitsuak dira gizarte zibilarentzat, demokraziarentzat, konpromiso zibikoarentzat, eta espazioaz jabetzeko eta partekatzeko beste moduak ahalbidetzen dituzte. Gizabanakoak elkartu, bildu eta modu informalean bizipenak truka daitezkeen eremuak dira. Osagai osagarritzat hartzen da, komunitatearen bizitza sozialera bideratua. Hirugarren lekuak, orduan, bizitza komunitarioaren “aingurak” dira, eta elkarreragin zabal eta sortzaileagoa sustatzen dute. Bestela esanda, “zure hirugarren lekua jendartean erlaxatzen zaren lekua da, aurpegi ezagunekin topo egin eta berriak ezagutzen dituzun tokia”. Hirugarren lekua, beraz, subjektiboa da, norbaiten hirugarren lekuak ez du zertan beste batzuen hirugarren leku izan behar, eta komunitate batek hirugarren lekutzat hartzen duen esparrua, batzuetan, kanpokoek gotorleku edo alferrekotzat har dezakete.

“The Great Good Place” liburuan, Oldenburgek hirugarren lekuen puntu komunak azaltzen ditu:

LUR NEUTRALA

Hirugarren lekuen okupatzaileek ez daude bertan egotera behartuta. Ez dago gonbidatu/anfitrioi bezalako erlaziorik eta adiskidetasuna sortzen edo garatzen laguntzen dute.

LEKU IREKIA

Oldenburg-ek “Leveler” izena ematen dio ezaugarri honi, Ingalaterrako gerra zibilean gizarte-klaseak eta sistema hierarkikoak indargabetzea helburu zuten ezker muturreko prestakuntza politikoei erreferentzi eginez. Norberaren egoera sozio-ekonomikoak ez du garrantzirik hirugarren lekuetan, eta erabiltzaileen arten komunaren sentsazioa garatzen laguntzen du.

KOMUNIKAZIOA

Oldenburgek ikusten du, lehen bi ezaugarriei esker, pertsona talde batek modu erosoan komunikatzeko aukera izan dezakeela, eta beraz, garrantzia ematen dio hirugarren lekuan komunikazio egokia presente egoteari.

ATSEGINA ETA IRISGARRIA

Bizi-estiloan edo bizi-erritmoan egon daitezkeen desberdintasunen aurrean, garrantzitsua da hirugarren leku bat irisgarria izatea, baita bertan egoteko erosoa ere, erabiltzaileen nahiei erantzun eta lagunekin topo egiteko aukerak eskainiko dituena.

NUKLEO GOGORRA

Ohikoak diren erabiltzaileak izaten dira, espazioari giroa eta ezaugarri zehatzak ematen laguntzen diotenak; baina ohikoek etorri berriak erakarri eta haiei bertan egokitua sentitzen laguntzen diote, multzoarekin bat egiteko gogoak izatera bultzatuko du.

PROFIL BAXUA

Ez da erakusteko leku nabarmen bat. Jarrera esnob edo itxurakeria eta handikerietatik urrun daguden espazioak dira. Baldintza guztietako jendea onartzen dituzten leku atseginak dira.

GIROA

Giroak alaia izan behar du, eztabaidak batak bestea errespetatuz egiten dira, beti adiskidantzazko tonu batean eta ez tentsioz ​​edo etsaitasunez markatuta; beti ere, iritsi berria parte hartzera gonbidatuz.

ETXETIK KANPOKO ETXE

Goxoa behar du eta partaidetza sentsazioa eskaintzen die bertan direnei, espazioan errotuta izatea sentitzeraino; norberaren garatzean etxea bezain erabilgarri edo erabilgarriago izan daitezke.

Pin It on Pinterest

Share This