LANAREN BURUJABETZATIK INFORMAZIO BURUJABETZARA

ARGIA

Ehun urte dituen komunikabidea da Argia, eta gaur egun arte irautearen sekretuetako bat garai zailetan kolektiboki funtzionatzea izan da, Gorka Bereziartuak Ez gara neutralak liburuan azpimarratu duen bezala.

1919tik hona ibilbide gorabeheratsua egin du proiektuak, gerraoste iluneko isilaldia tarteko. Baina zorionez, gaur egun teknologia berriei esker inoiz baino lagun gehiagok irakurri, ikusi eta entzuten ditu hedabide handietan agertzen ez diren ertzekoen ahotsak, benetako kazetaritzak funtzio sozial hori baitauka.

Duela 40 urte langileek Iruñeko kaputxinoei aldizkaria erostean aro berri bat hasi zen Argiarentzat. Ekonomikoki urte gogorrak izan ziren eta azpiegitura batzuen beharra ikusi zen berehala. Argiaren altzoan sortu ziren 80ko hamarkadan Antza inprimategia eta Apika informatika enpresa –gaur egun Adur kooperatiba–, baita geroago Iametza zerbitzu enpresa ere. Denen artean Ametzagaiña taldea osatzen dute. Elkarren arteko bidelaguntza hori oso garrantzitsua izan da lanaren burujabetza lortzeko bidean.

Egun 25 langile dituen lan-sozietatea da Argia eta horietako %80 inguru bazkide da. Enpresa langileen esku dago beraz. Egoitza nagusia Lasarte-Orian izanik ere, Euskal Herri osoarentzat egiten du lan, eta azken urtean ahalegin berezia egin du kazetariak ahalik eta lurralde gehienetan edukitzeko.

Auzi sozialak, herri mugimenduen kezkak, euskaldunen eskubideak… berezko gaiak izan dira Argiarentzat betidanik, eta azken urteetan kontzienteki hasi gara harremanak lantzen hainbat baliotan murgilduta
daudenekin, ekonomia eraldatzaileko eragileekin kasu –2017an OlatuKoopeko kide egin ginen–.

Baina nola informatu balio batzuen inguruan, barrura begiratu gabe? Esatea eta egitea, banatu ezin den binomioa da guretzat. Azken urteetan pausu ugari eman ditugu barne demokrazia, jasangarritasuna, finantza etikoak eta partaidetzaren arloan autoeratzeko.

Iragan militante eta konpromisozkoa izan du Argiak eta horri esker erabaki ahalmena oso banatuta egon izan da beti. Hala ere, horretan sakondu eta berrantolaketa oso bat egin dugu: soldatak berdindu genituen, ardurak banatu, funtzionatzeko erak aldatu eta lan-taldeak sortu, zuzendari kargua kendu, zuzendaritza errotatiboa bihurtu, erredakzioko hormak eraitsi… Langileen ahalduntzean eta parte-hartzean funtsezkoa izan da hori.

Urrats gehiago egin ditugu mundu jasangarri eta bizigarriago baterantz, ez garrantzi gutxiagokoak. 2016an harpidetza eredu aitzindari bat jarri genuen martxan, salerosketa logikatik kanpo dagoena eta elkartasuna oinarri duena. Energia berriztagarriekin lan egiten duen Goienerreko bazkide ere bagara, eta iaz aspaldiko nahi bat aurrera eramatea lortu genuen: aldizkariak zorro konpostagarritan iristen dira orain Argiako kideen etxeetara.

Erronka itzelak ditu oraindik aurrean Argiak, komunikabide eta proiektu eraldatzaile nahi badu izan, eta horretarako elkarlana ezinbesteko zaio, Mbolo elkartearekin Inor ez da ilegala leloa zabaldu dugun bezala edo mugimendu feministarekin eta Kataluniako La Directarekin egin moduan, esaterako. Herritarrek informazio burujabetza izateko eskubidea dute eta hori komunikazio proiektu independente bat babestuz baino ez da lortuko, lanaren burujabetza oinarri duena.

Pin It on Pinterest

Share This