NOLA KONTSUMITU MODU ARDURATSUAN?

EZAGUTU EUSKADIKO MERKATU SOZIALA ETA BERTAN DAUDEN ALTERNATIBAK

TESTUA: REAS EUSKADI

Euskadiko Merkatu Sozialak 20 sektore ekonomikoetako 100 erakunde baina gehiago biltzen ditu, ehunka produktu eta zerbitzu eskainiz.

REAS Euskadi urteak daramatza kontsumo kritiko, kontziente eta eraldatzailea sustatzen, Ekonomia Sozial eta Solidarioko erakundeei ikusgarritasuna emanez. Mugimendu ekonomiko, sozial eta politiko baten parte den sare honek, egungo sistema sozioekonomiko lokala zein globala eraldatzen lagundu nahi du, ekimen ekonomiko alternatiboak bultzatuz.

Ekimen hauek sustatu eta ezagutzera emateko merkatu alternatibo bat dugu: Merkatu Soziala. Bertan ehunka produktu eta zerbitzu aurkitu daitezke irizpide etiko, demokratiko, feminista, ekologiko eta solidarioak jarraitzen dituztenak.

EKONOMIA EGITEKO MODU EZBERDIN BAT 

Ekonomia solidarioa jarduera ekonomikoaren ikuspegi bat da, beste interes batzuen gainetik pertsonei, ingurumenari eta garapen iraunkor eta sostengagarriari lehentasuna ematen diena. Hainbat baliotan oinarritzen da, hala nola lankidetzan, elkarrekikotasunean, autokudeaketan eta elkartasunean. Hori guztia, ikuspegi eraldatzailetik begiratuta, ekonomia komunitarioagoak, demokratikoagoak, ekitatiboagoak, inklusiboagoak eta jasangarriagoak eraikitzeko asmoz.

Ekonomia Solidarioaren proposamenek ekonomia kapitalistaren garapenari egiten diote aurre. Kapitalismoa ekonomia errealetik urrun dagoela kritikatzen du, ekoizpenaren eta kontsumoaren hazkunde mugagabea ardatz gisa hartzen dituelarik, horrek gizarte zein ingurumenarentzat kalteak badakartza ere. Denaren gainetik irabazi-asmoa du, bai eta ahalik eta etekinik handienak eskuratzea ere; prekarietate, pobrezia eta desberdintasun jasanezinak eraginez. Ez da sistema ekonomiko hutsa, soziopolitikoa eta kulturala ere bada. Gainera, ekozida da, ez baitu kontuan hartzen planetak bere muga biofisikoak gainditu dituela.

Ekonomia Solidarioak eredu berriketaranzko trantsizioa aldarrikatzen du. Jarduera ekonomikoan ekitatea, lan duintasuna, jasangarritasun ekologikoa, aberastasunaren bidezko banaketa eta ingurunearekiko konpromisoa bilatzen du.

MERKATU ALTERNATIBO BATEN BEHARRA 

Gero eta jasangaitzagoa den sistema kapitalistaren aurrean, beharrezkoa da beste ekoizpen, banaketa eta kontsumo eredu batzuetarantz jotzea, bizitzea merezi duen bizitza bat jarduera ekonomikoaren erdigunean jarriz. Erronka honi erantzuteko, duela 10 urte Merkatu Soziala eratu zen.

Pausoz pauso, elkarri laguntzeko lurralde-sareak sortu dira, balio berdinak dituzten hainbat ekimen ekonomiko ezberdin zirkuitu ekonomiko batean konektatuz. Merkatu Sozialak pertsonen eta bizitzaren iraunkortasunaren zerbitzurako zirkuitu ekonomiko alternatiboak bultzatzea du helburu. Bertan, ekoizleek beren ondasunen eta zerbitzuen salmenta eta banaketa kontrolatzen dute, merkaturatzeko eta finantzatzeko kanal propioak dituzte, eta pertsonek zein erakundeek aktiboki parte har dezakete kontsumo kontzientea eta eraldatzailea eginez. Merkatuaren zein erakundeen helburua ez da irabazi-asmoa edo mozkinak maximizatzea, baizik eta mundu bidezkoago eta iraunkorrago baterako ekonomia eraikitzen laguntzea

BI PREMISA DITUGU ABIAPUNTU:

  • Ekonomia solidarioko produktuak eta zerbitzuak eskaintzen dituzten tokiko ekimenen arteko lankidetza ezagutaraztea, harremanetan jartzea eta sustatzea.
  • Nola berrantolatu pentsatzea, ekonomia bidezkoagoa eta solidarioagoa sustatzeko, herritarrak kontsumo arduratsuan aktiboki inplikatuz. 

MERKATU SOZIALAREN BILATZAILEA 

Aurten beste urrats bat eman nahi izan dugu eta Merkatu Sozialeko produktu eta zerbitzuen online bilatzailea garatu dugu. Helburua kontsumo arduratsua egin nahi duen pertsona zein erakundeei lana erraztea da, Ekonomia Solidarioko produktu eta zerbitzuak hurbilduz. Zer eskaintzen du bilatzaileak?  

  • Bilaketa barra sinplea: idatzi bilatu nahi duzun produktu edo zerbitzua eta listo! Merkatu Sozialean bilatzen ari zaren horren alternatibak eskaintzen dituzten erakunde guztiak agertuko zaizkizu.
  • Filtroak: Etxetik hurbil dauden aukerak ezagutu nahi dituzu? Jarri lurraldearen iragazkia eta bertako aukerak bakarrik agertuko zaizkizu. Eta sektore ekonomiko bateko alternatibak ikusi nahi badituzu? Txertatu sektoreen filtroa eta 20 sektore ezberdinetako erakundeak ikusi ahalko dituzu.
  • Hornitzaileak: Merkatu Sozialeko ekimen bakoitza ezagutzeko, hornitzaileen atal bat garatu dugu, produktu eta zerbitzuez gain enpresa bakoitzaren lana sakonago ezagutzeko.
  • Berme-zigilua: Gainera, azarotik aurrera Merkatu Sozialeko erakundeak berme-zigilu bat lortu ahal izango dute erakundeek Ekonomia Sozial eta Solidarioaren printzipioak betetzen dituztela ziurtatzeko. Bilatzailearen produktu edota zerbitzu bat bilatzerakoan, azaldutako emaitzetan ikusi ahal izango da ea erakundeek zigilua duten ala ez. 

Bilatzailea eskuragarri dago https://merkatusoziala.eus/ webgunean.  

AUDITORIA SOZIALA, EKONOMIA SOLIDARIOAREN ZIURTAGIRIA 

Urtero, Merkatu Sozialeko erakundeek autodiagnostiko bat egiten dute, beren praktiken ekarpen eraldatzailearen berri emateko, haien jarduna ebaluatzeko eta etengabeko hobekuntza sustatzeko. Horretarako, Auditoria Soziala erabiltzen dute. 

2007an sortutako tresna honen bidez bermatu nahi da enpresek eta erakundeek, bai eta haien produktu eta zerbitzuek ere, ekonomia solidarioaren berezko balioei erantzuten dietela. Horiek betetzea eta jendaurrean komunikatzea konfiantza ematen du, kontsumitzen dutenentzat eta erakunde horiekin harremanak dituztenentzat. 2022tik aurrera, erakundeek gainditu beharreko prozesuan bilakatu da, berme-zigilu bat sortuz.  

Informazio gehiago https://reaseuskadi.eus/eu/egiten-dugu/auditoria-soziala/ webgunean. 

Pin It on Pinterest

Share This