ZAINTZARAKO ARKITEKTURAK

BIZITIKIAK MODU KOLEKTIBOAN PENTSATZEN

BDS KOOP

 

Azken urte luzeetan, gure inguruan garatu diren hiri eredu desarrollistek jendartearen sektore batzuk alde batera utzi izan dituzte: emakumezkoak, haurrak, adinekoak, dibertsitate funtzionala dutenak…

Geurean dugun sistema ekonomikoak indibidualismoa eta kontsumismoa bultzatu izan ditu, horren aurrean, beti izan dira pertsona eta mugimenduak alternatibak sortu izan dituztenak. Eguneroko bizitzarako azpiegiturak nola sortu eta espazioak eta hiriak hortik nola pentsatu aztertu duten mugimenduak izan dira, bertatik etxebizitza kolaboratiboen gaia ere, landu izan delarik. Proiketu hauek, bizitzeko eredu berriak aurkezten dituzte, famili eredu edo elkarbizitza unitate berriei erantzuteko, baina askotan, jada ezagunak ziren kontzeptu batzuek erabiliz. Geure etxebizitza ereduetan hain markatua dugun espazio publiko eta pribatuaren arteko banaketa gainditzeko nahia planteatzen da, adibidez, atari baten inguruan sortu daitekeen komunitatea indartze aldera. Ez dira oso aintzinekoak muga horiek hain zurrunak ez ziren garaiak, baina gizartearen bilakaerak, ia oharkabean, eremu pribatua, espazio publikotik banatzeta eraman gaitu.

Helburuetako bat da espazio komunak sortu, eta eremu publiko eta pribatuaren arteko muga malgutzea. Planteamendu horiek bizitzaren aspektu batzuk kolektibizatzera garamatza. Garai bateko egiturak berreskuratzeko saiakerak dira hein batean.

Aurreko alean, zaintzaren inguruko artikuluan aipatzen genuen moduan, Pandemiak, lehenagotik esistitzen ziren arazo batzuk azaleratu egin ditu. Zaintzaren inguruan dugun gabezia mahai gainean jarri digu, etxealdiak, lehen hala-nola kudeatzen genituen egoerak gaizki planteatuta geneuzkala ikusarazi digu.

Zaintzea zer den, nola zaindu nahi dugun eta zainduak nola izan nahi dugun pentsatu beharra dugu.

Zahartzaroaren bizi eredua aldatu egin da; gaur egun ez gara zahartzen aurreko belaunaldiak bezala. Adineko jendea lehen pertsonan ari da bizitzen zaintza ereduren krisia eta prozesu hautean lehen lerroan ari dira borrokatzen, adineko pertsonen komunitateetan ematen ari diren gogoeta prozesuen ondorioz.

Zahartzeari buruz, paradigma aldaketara daramaten esparru teorikoak planteatzen ari dira; artatze hutsetik aldendu eta pertsona ardatz izango duen zaintza eredu baterantz bide egin nahi dutenak, baina ez dira praktikara eramaten. Horretarako aukerarik eskaintzen ez duten espazio edo egoitza-zentroak dira instituzio publikoetatik panteatzen diren aukerak ia bakarrak. P√™rtsona bat zahar etxera sartzerakoan, aldaketa haundiak jasaten ditu bere bizitza ohituretan: Intimitate eskasia, zurruntasuna eguneroko bizitza kudeatzerakoan, eguenroko erabakietan parte-hartzerik eza, autonomia eskasa, despertsonalizazioa…

Komunitatean bizitzeak zaintza eta kontziliazioa erraztu dezaketela ikusi da. Zaintza ez da bakarrik eritasunari erantzuteko ekintza bat. Zaintza fisikoa, soziala eta emozionala da azken finean eta etxebizitza kolaboratiboek aukera haundiak ematen dituzte bide honetan. Jendarte batean integratua sentitu eta erabakiak hartzeko prozesuaren parte izateak, alde emozional eta soziala aktibo izatera garamatza eta ondorioz fisikoki ere, hobeto sentitzera. Bakardade ez hautatuak arazo asko ekartzen ditu.

BELAUNALDI ARTEKOA

Belaunaldien arteko etxebizitza kolaboratiboen kontzeptua duela bi hamarkada baino gehiago sortu zen, etxe isolatuetan bakarrik bizi edo, zahar egoitzetan, beste adineko pertsona batzuekin soilik bizitzearen desabantailak saihesteko “hirugarren bidea” bilatzen ari ziren 50-60 urteko pertsonen artean. Bi arazo nagusiri erantzu nahi izan zioten: batetik, adinekoen bakardadea eta prekarietate ekonomikoa, eta, bestetik, gazteek etxebizitza eskuratzeko dituzten zailtasun ekonomikoak.

Belaunaldi desberdinen arteko elkarbizitzari esker, eredu hauek gizarte-kohesioa hobetu eta bizi-aberastasuna ekarri dezakete. Garrantzitsua da kontuan hartzea inor ez dela erabat autonomoa bere bizitza osoan zehar. Elkarren menpeko garen heinean, denok dugu, era batera edo bestera, urkoaren beharra, zainduak izan eta ondokoak zaintzeko, eta pozgarria eta lasaigarria da komunitateari ematea eta komunitatetik jasotzea.

Pin It on Pinterest

Share This