AUZOEN BIRGAITZEA

TRANTSIZIO EKOSOZIALERAKO ERRONKA

Testua: Mikel Valero (Hiritik At), Julen Luzuriaga (LZB arkitektura) eta Aiala Zubieta (Isladak)

XX mendeko 50. eta 80. hamarkaden artean gure hirietako aldirietan langile-auzo ugari eraiki ziren, hirien hazkunde azkarraren ondorioz. Auzune hauetako askotan, arazo ugari eta oso anitzak pilatzen dira: hiri-ekipamenduen urritasuna, isolamendu termiko eta akustiko eskasak, bizigarritasun baldintza pobreak, instalakuntzen eraginkortasun txikia, hiri-espazioen kalitate maila baxua… eta horiez gain, auzotarren errenta-maila ere, batezbestekotik behera egon ohi dena.

Erakunde publikoetatik auzo hauen birgaitzea bultzatzeko hainbat ekimen bultzatu dira; EAE-n, besteak beste, etxebizitzak eta eraikinak birgaitzeko finantza-neurriak bultzatzeko aginduak, Birgaitze Integratuko Area (BIA) eta Area Degradatuen (AD) izendapenak, edo duela gutxi iragarri den erkidegoko hamalau auzotan hiri, ingurumen, gizarte eta ekonomiaren arloko berroneratzeari ekiteko programa (Open gela).

Kontuan izan behar dugu auzoen birgaitzea ezin dela izan eraikuntza-hobekuntza hutsa. Auzoa, hiria, aldatu nahi bada baldintza fisiko, politiko eta sozialak jokoan jarri behar dira. Ildo horretan, EBko Europako Hiri Jasangarriei buruzko Leipzig-eko gutunak bi esparru handitan laburbiltzen ditu bere edukiak: Hiri-garapeneko politika integratuak gehiago erabiltzea (hiri-politikaren funtsezko arloen alderdi espazialak, sektorialak eta denborazkoak koordinatzea) eta egoera ahulenean dauden auzoei arreta berezia eskaintzea.

Gure inguruan orain arte ohikoa izan da auzo-mailako esku-hartze integralak eman ordez, esku-hartze partzial edo puntualak ematea; honen ondorioa izan da egindako obra askok ez dutela balio izan auzoak nabarmen hobetzeko. Gehienetan, auzo-erkidegoek, haien arteko koordinaziorik gabe, eraikuntza-enpresen eta finka-administratzaileen esku utzi dituzte birgaitze-lanak, aholkularitza handirik jaso gabe. Jarduteko modu hau ez da egokiena, izan ere, aipatutako EB-ko Hiri Jasangarriei buruzko estrategian jasotzen den moduan, premiazkoa da auzoen birgaitzea era integratuan lantzea.

Gainera, emergentzia klimatikoa eta energiaren krisiak prozesu hauek azkartzea eskatzen digu, trantsizioa azkartu beharrean gaude; hiru ikuspegitatik nagusiki:

TRANTSIZIO ENERGETIKOA

Energia ekoizteko, hornitzeko eta kontsumitzeko eredu aldaketa suposatzen du, azken helburuetako bat kontsumoa murriztea delarik eta kontsumitzen den hori modu deskarbonizatuan egitea. Guzti horretan hartu daitezken estrategiak anitzak dira, eraginkortasun neurrietatik, energia berriztagarriak instalatzera edota eraikuntza-, mugikortasun-, industria-eredu jasangarriak sustatzeraino.

ALDAKETA KLIMATIKOA

Trantsizio energetiko horrek, aldaketa klimatikoa moteltzen lagunduko du, izan ere, deskarbonizazioak berotegi efektuko gasen isuriak arintzea edo murriztea ekarriko du. Dena den, aipatu aldaketa errealitate bat da jada eta gure hirietan eta herrietan modu espezifikoan pairatzen ari garena (bero boladak nagusiki, baita ibai-uholdeak ere). Honen aurrera “aldaketa klimatikoaren aurreko egokitzapenak” bilatu behar dira. Beste behin, hauek ezin dira energia kontsumoan oinarritu (haize egokitu edo bestelakoak) eta horrenbestez, soluzio jasangarriak behar ditugu aipatu auzunetan, hala nola, naturan oinarritutako irtenbideen bidez auzune horiek biernaturalizatzen eta ekosistemek eta hauen zerbitzuek eskaintzen dituzten onuretan oinarrituz. eta azpiegitura berde-urdinetan oinarrituak izango dira.

DESBERDINKERIA SOZIALAK AREAGOTU GABE

Desberdinkeria sozialak areagotu gabe: Agerikoa da denok ez ditugula aukera berdinak trantsizio honetan murgildu eta aktibo izateko, horregatik garrantzitsua da trantsizio justu bat egitea, hau da, sozialki modu orekatu eta ekitatibo batean garatzea. Hau zaindu behar da eta hori azpimarratu nahi da eko-”sozialaz” ari garenean. Auzuneetan aukera gutxiago dituzten familiak bizi ohi dira. Hauekin lan egin behar da, atzean utzi ez eta trantsizioan agente aktibo izateko aukerak eskaintzeko. Beraiek gabe, trantsizio ekologikoa ez baita ganoraz egiteko aukerarik izango.

AUZOEN BIRGAITZE EKOSOZIALERAKO ALTERNATIBAK

Auzoen birgaitzeari modu integralean ekin nahi badiogu hainbat ildo dira kontutan hartu behar direnak: energiaren auzia, irisgarritasuna eta mugikortasuna, etxebizitzen bizigarritasun baldintzak, espazio publikoaren egokitasuna eta bernaturalizazioa, auzo ekipamenduak eta hondakinen kudeaketa besteak beste.
Alor guzti horientzako, esperientzia eredugarriak exisititzen dira. Ondoren, horietako batzuk azaltzen ditugu:

Friburgoko Vauban auzoa

Vauban barrutia Alemaniako Friburgoko hirigunetik 4 km hegoaldera dagoen 5.000 biztanle eta 600 lanpostutarakoko diseinatutako auzoa da. “Eko-auzo” kontzeptupean eraiki zen, Frantziar armadaren base ohi baten instalazioetan, 1992 urtean frantziarrek basea utzi ondoren.

Basearen zati bat (4 hektarea) okupatu egin zen hasieratik; gainontzeko 34 hektareak Friburgoko udalak erosi zituen 1993an, eta bertan “eredu iraunkorreko auzo” bat eraikitzea erabaki zuen. Hasiera-hasieratik oso garrantzitsua izan zen jendarte eta erakundeen arteko kolaborazioa: 1994an “Forum Vauban” delako elkartea sortu zen, udal arduradunekin batera auzoaren diseinuari buruzko erabakiak hartu zituena. 1998an auzoaren eraikuntza lanak hasi ziren, Kohlhoff & Kohlhoff arkitektoen plangintzaren arabera.

Proiektuaren oinarrizko ideia dentsitate ertain-altuko (Friburgoko ohiko dentsitatearekin alderatuta) auzoa eraikitzea izan zen; kotxerik gabeko kale eta espazio publikoarekin; berdegune zabalekin; etxebizitzen energia-kontsumo oso txikiarekin (etxebizitza pasiboak); eta herritarren parte hartzearekin auzoari dagozkion erabakietan.

Bordeleko Grand Parc

Bordeleko “Cité du Grand Parc” deritzona, 1960 hamarkadan eraikitako 4000 etxebizitzako auzoa da. Auzoko eraikinen eraldaketaren lehen fase bezala, proiektu honetan etxebizitza sozialeko 3 bloke handi (G, H eta I blokeak, 10-15 solairukoak, guztira 530 etxebizitza) eraldatu ziren, etxebizitzen kalitate eta erosotasuna hobetzeko helburu nagusiarekin.

Eraldaketak etxebizitza guztiei espazio- eta bizi-kalitate berriak eman dizkie, mantendu beharreko ezaugarriak eta osatu beharrekoak orekatuta. Negutegi eta balkoi handiak gehitzeak aukera eman du apartamentu bakoitzean argi natural gehiago sartu, erabilera-malgutasuna handitu eta inguruarekiko ikuspegiak hobetzeko; lehendik zeuden leiho txikiak negutegi berrietara irekitzen diren beirazko ate lerragarri handiek ordezkatu dituzte. Eskailera guztietan, lehendik zeuden bi igogailuen ordez igogailu handiago bat jarri da, eta igogailu berri bat ere erantsi da. Sarrera-atariak ere berritu dira, bai eta eraikinen inguruko lorategiak.

Bartzelonako Superilles

Bartzelonako “super-etxadiak” hiri-testuinguru oso zehatz batean garatu diren esperientziak dira: Bartzelonako Cerdá zabalgunea. 2016an udalak “superilles” programa abiatu zuen, lehenengo hiru esku-hartzerekin (Sant Antoni, Poblenou eta Hortako super-etxadiak), espazio publiko osasungarriagoa, berdeagoa, seguruagoa eta erresilienteagoa lortzeko helburuarekin klima-aldaketaren ondorioen aurrean.

Cerdák XIX. mendean proposatutako bilbean oinarrituta, bederatzi etxadiko multzoa hartu eta autoen zeharkako zirkulazioa perimetrora mugatu zen, tarteko kale eta bidegurutzeetan abiadura murriztuz (10 km/h), trafikoa lasaituz eta bizikleta eta oinezkoei lehentasuna emanez.

Mugikortasun-eredu berriak sustatzeaz gain, helburu nagusiak bi izan dira: alde batetik espazio publikoa hobetzea, egoteko espazio berriak sortuz eta adin guztietarako atseginak eta erabilgarriak diren espazioak sortuz; eta bestetik hiria aldaketa klimatikoaren aurrean prestatzea, landaredi- eta zuhaitz-eremuak zabalduz, euri-uren kudeaketa zainduz eta biodibertsitatea sustatuz.

Valladolid-eko Urban GreenUP

Espainian nagusi den hirigintza-ereduak, jardueren dibertsifikazioa eta biztanleriaren hazkundea ezaugarri dituenak, lehendik zeuden hirigintza-arriskuak eta ingurumen-arazoak larriagotu ditu, hala nola lurzoruaren, energiaren eta uraren kontsumo altuak, airearen kutsadura, autoen etengabeko erabilera, bero-uharte efektua, berdeguneen arteko konektibitate eza, etab.

Valladolideko udalerriak hiri-urbanoaren ereduaren aldeko apustua egiten du. Bere helburua Valladolideko bizi-kalitatearen hainbat alderdi hobetzea izanik, hiri-inguruneari orokorrean erreparatuz, baina baita, bereziki, hirigintzari, mugikortasunari, energiaren erabilera arrazionalari eta baliabide naturalei dagokienez ere, besteak beste.

Horregatik, Valladolidek, beste hainbat udalerrik bezala, hirietako ingurumen-inpaktuei eta klima-aldaketari aurre egiteko natura hirira itzultzen ari da, Naturan Oinarritutako Irtenbideak ezarriz. Egindako esku-hartzeak hiri osoan zehar zabaltzen dira. Hurrengoak aipatu ditzazkegu:

  • El Campillo merkatuaren estalki berdea (2020)
  • Santa Maria kaleko landare-toldoak (2021)
  • Hiri altzari berdea
  • Fatxada berdea (2020)

BIRGAITZE INTEGRALERAKO ESTRATEGIAK

Open gelak

Open gelen planteamendua Eusko Jaurlaritzako sailaren etxebizitza parkearen birgaitzen integralerako planteamenduan kokatzen da.
Etxebitzen parkearen birgaitzeari aurre egiteko martxan jarritako tresnak (irisgarritasuna edota efizizientzia energetikoari bideratutako laguntzak edo hirigintza plan bereziak) nahikoa ez direla kontutan hartuta, birgaitzea modu integralean eta auzoka sustatzeko tresna da Open Gela.

Auzo zaurgarrien diagnostikoa osatu ondoren, zeinak eraikuntza zein aspektu sozio-ekonomiko desberdinei erreparatzen dien, zenbait Open gela edo Auzo bulego martxan jarri dira auzo horietako batzuetan: Bilboko Otxarkoaga eta Eibarko Txonta auzoak izan dira lehenak.

Udalaren edota udal enpresa publikoekin elkarlanean, auzo bulego horiek jarri ziren, auzoen birgaitzerako dinamizazio eta aholkularitza integrala eskaintzeko asmoz, eraikinen birgaitzeaz gain, aspektu ekonomikoei edo sozialei erreparatuz ere.
Eredu hori auzo gehiagora zabaldu da (Lasarteko Basaundi-Baiara, Durangoko Aramotz, Pasaiako Andonaegi…).

Esperientzia bakoitza desberdina da, auzo bakoitzeko espezifikotasunak kontutan hartzen baititu.

Aramotz auzoa

Aramotz auzunea Durangon kokatuta dago eta 50. hamarkadan eraiki zen. 16 eraikinez osatuta dago eta 136 etxebizitza ditu (60-65 m2-ko azalerakoak).

Erabat zaharkituta dagoen auzoa da, gainera, eraikin berriz inguratuta dago.

2014an bertako auzo elkarteak San Fausto auzorako proiektu proposamena ezagutu zuen (auzoaren birgaitze integrala planteatzen zuen proiektua baina ez zen burutu) eta beraien auzorako horrelako planteamendu bat behar zela hausnartu zuten.

Hortik aurrera, Udalarekin elkarlanean, auzoaren birgaitze proiektu integrala lantzen hasi ziren zeinak bi berroneratze ildo planteatzen dituen:

  • Etxebizitzen birgaitzea (irisgarritasun eta efizientzia energetikoaren ikuspegitik)
  • Espazio publikoaren berriztatzea eta inguruaren bernaturalizazioa

2016an auzoaren birgaitzerako aurre-proiektua garatzen da udalaren finantziazioarekin eta 2018an udala eta Eusko Jaurlaritza finantziazio akordio batera heltzen dira auzoa birgaitzeko. 2022an Next Generation funtsetatik eta udal aurrekontuetatik eratorritako finantziazio gehigarriak lortzen dira ere.

Guztira 11 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua duen proiektua da udalak espazio publikoaren berriztatzea bere gain hartzen duelarik eta bizilagunek eraikinen birgaitzea (50.000 euro inguru aurreratuko ditu etxebizitza bakoitzeko jabeak eta dirulaguntza desberdinak jasoko ditu ondoren).

Kontutan hartu behar da ere, zenbait biztanleen egoera ekonomiko zaurgarria dela eta, aurreratu beharreko dirua lortzeko izan dituzten zailtasunak. Horreri konponbidea emateko, kredituo kolektiboak lortu dituzte bizilagun komunitate bakoitzarentzako.

Auzo bulegoa, prozesu soziala eta antolaketaren garrantzia

2017an, Durango eraikitzen enpresa publikoa proiektuan inplikatzen da Auzo bulegoa sortuz. Bulego horrek 2 langile ditu (administraria eta teknikaria). Besteak beste, dirulaguntzen kudeaketan eta bizilagunen arretan dihardute. Teknikarien papera ezinbestekoa izan da proiektuak aurrera egin ahal izateko.

Auzo bulegoko langileen papera garrantzitsua izan bada, horrenbeste gertatzen da auzo elkartearen rolarekin. Aramotzen auzo elkarte indartsua dago eta auzo elkarteko kideak izan dira prozesu guztiaren motorea. Prozesuaren sustatzaile nagusiak izan dira eta bere biziko papera jokatu dute antolaketa sozialari dagokionez.

Estrategia amankomuna garatzea puntu gakoetako bat izan da. Auzunerako proiektu bakar bat landu dute kolektiboki adostasunetara helduz. Elkarren arteko konfiantza garatu behar izan da eta auzo elkarteko kideen lidergoa eta lana ezinbestekoak izan dira beste behin ere hori lortzeko.

Pin It on Pinterest

Share This