BERTAKOA, EKOLOGIKOA ETA BIDEZKOA

OIHANA GALARDI

 

Zer da jasangarria? Jasangarria modako hitza da. Kontzeptu on eta positibo gisa jasotzen dugu baina kontsumo gai guztiei etiketa hau gehitzen ari zaienez, konturatu orduko hitzari balioa kendu diogu.

Jan eta kontsumitzen duguna jasangarria izan dadin, kontsumo gai guztien ekoizpenean erabateko aldaketaren aldeko apustua egin beharra dago. Gure sukaldera iristen dena bertakoa izateaz gain ekologikoa eta bidezkoa denean, kontsumo jasangarriaz hitz egiten hasteko aukera dugu. Dena den, hautu hori ez da ekoizle edota kontsumitzailearena soilik, gizartearena baizik eta nola ez, erakundeek dute hor zer esan eta egin.

ZERGATIK BERTAKOA

Bertan ekoizten dena aukeratzen denean, bertako testuinguruan inpaktu eta ondorioak positiboak egoten dira; ingurumenean, maila ekonomikoan zein sozialean. Alde biologikoari erreparatuz, bertako landare eta haziak aukeratu eta sasoien baitan ekoiztea, bio aniztasunaren alde egitea da, ekosistemak babestea; honek, ingurumenean inbertitzea suposatzen du. Gainera, zirkuitu laburrek ekoiztutako elikagai askoren galera saihesten dute. Aldi berean, energiaren zein erregaien kontsumoari lotutako hondakinen gutxitze bat dakarte: garraio gutxiagoren beharra eta produktuak gordetzeko hotz sistemen dependentzia eza, hau da, urrats ekologikoaren gutxitzea.

Tokiko ekonomiaren gaineko bultzadak tokian eragiten duen inpaktu ekonomikoa automatikoa da, maila makrotik mikrora aldatzen baita hartu emana. Bertako ekoizleez haratago, bitartekari handien gutxitzearekin, tokiko ehun ekonomikoaren eragile diren enpresa eraldatzaile eta banatzaileek zein merkatari txikiek ere, lurraldeko ekonomiaren susperketan parte hartzen dute. Tokiko ekonomia honen aktibatzearekin, bertako errealitateari erantzuten dioten ekintza sozioekonomikoak ere loratzen dira, ehuna bera sendotuz.

Azkenik, arlo sozialari erreparatzerakoan bertakotasunak pertsonen ongizatean duen inpaktua kontuan hartu behar da. Arlo soziala eta ekonomikoak maiz egiten dute bat, hortaz, enplegua eta ekintzailetzatik eratortzen diren aukerak tokiko populazioaren eskura geratzen dira: bertan lan egiteko aukerak, tokia dinamizatuko duten ekintza berriakā€¦

Dena den, bertakoa edo kilometro zero kontzeptuez ari garenean zein eremuz ari garen zehaztea lagungarria da, azken finean, distantzian, hain zuzen 100kmko erradioan, neurtzen baita bertakotasun hori. Gurea bezalako kokapen geografiko zein administratibo mugakideetan distantziak eta mugak birpentsatzera eramaten gaitu eta espazio horretan ekoizle eta kontsumitzaileen arteko harremanak berrantolatzera.

ZERGATIK EKOLOGIKOA

Produktu bat ekologikoa izateak ekoizteko moduari erantzuten dio. Hortaz, edozein gairen ekoizpen ekologikotik, lehenago aipatutako eremuen baitan ondorio edo inpaktu ezberdinak jasoko dira. Ia modu natural batean ingurumenean pentsatzera jotzen dugu lehen tokian. Gorago ikusi dugun bezala, alderdi biologikoari dagokionez bertako produktuak ekoiztea oinarrizkoa da ekoizpen ekologikoaren baitan: bio-aniztasuna, ekosistemen oreka, sasoien baitan hazitako produktuak, baina ez hori bakarrik, lurrarekiko harremana bera erregulatzen du erabili daitezkeen gaiak mugatuz, hondakin ez naturalak baztertuz, ekoizpena biologikoa izan dadin. Lurrean ez ezik, lehengaien eraldaketan printzipio berdinen baitan jarduten da. Jatorri ekologikoko elikagaien eraldaketan ere, erabilgarriak izango diren produktuak mugaturik egongo dira, izaera biologikoaren mantentzea ahalbidetzeko.

Ekoizten den produktuaren kalitatea bera bestelakoa izango da. Naturarekiko osasuntsuagoa den ekoizpen mota honetan, gizakien osasuna hobesten da, gizakiarentzat maila ezberdinetan kaltegarriak izan daitezkeen elementuak desagertzen direlako.

Dena den, gogoratu beharra dago ziurtagiri ekologikoa duen produktu batek ez dituela orain artean aipatutako ezaugarri guztiak zertan bermatu, ekoizpen ekologikoaren helburu guztiak ekoizpen ekologikoaren erregulaziotik haratago doazelako. Desoreka bat dagoela alegia, bilatzen dena eta zigiluak bermatu dezakeenaren artean. Europar Batasuneko Ziurtagiriak ekoizpen, eraldatze, garraio eta biltegiratze baldintza zorrotzak betetzen dituela ziurtatzen du eta produktuaren %95a osagai ekologikoak direla; hau da, produktu kimiko sintetikoak edo genetikoki eraldatutako organismoak erabili gabe ekoiztuak direla.

ZERGATIK BIDEZKOA

Jasangarritasun terminoetan, lantzen ari garen hiru oinarrien artean, bidezko ekoizpena ahanzturan erortzen den kontzeptua litzateke. Gezurra dirudi zerbaitek bidezkoa izan behar duela azaldu behar izateak baina, zeren baitan izango da ekoizpena bidezkoa? Erantzunak eremu sozialera eramaten gaitu, pertsonengana, baina ez da ohargabean pasatzen arlo ekonomikoarekin batera doala.

Bidezko ekoizpenak gizakiarekiko duina behar du izan. Ekoizle zein langileen lan baldintzak, eskubideak eta soldatak pertsonen ongizatearekin bateragarriak izan behar dute. Lurrarekiko sarbide baldintza demokratikoak, historikoki izan ez dituztenentzako zein lurjabe ez direnentzako bermatu behar ditu. Pobretutako sektore ekonomikoa izan ezkero, ez du tokiko aberastasunik sortuko eta horrek tokiko nekazaritzaren desagerpena ekartzen du. Sektorearen izaera duina bada ehun ekonomikoaren suspertzea hein berean handitzen da.

Gainera, ingurumenarekin bidezkoa den ekoizpena helburu eta erregulazio ekologikoaren arteko arrakala zuzentzera bideratzen ditu ekoizleak. Aldi berean, bidezko ekoizpen baten atzean, bidezko merkaturatze eta kontsumo arduratsua sustatzen dira, produktu bakoitzaren jatorria eta trazabilitatea ahalbidetzen diren heinean.

GIZARTEAREN ERRONKA

Modaz haratago, kontsumoan aldaketak gertatzen ari dira. Erosten denaren gaineko ardura norberarena dela ulertzen ari da pixkanaka jendea, horren adibide, azken urteetan kontsumo taldeak indartzen ari dira. Bada erosketa bozka bera baina ekintza politikoagoa dela esaten duenik, eta maiztasun handiagoz egiten da! Hala ere, kontsumitzaile ekintzaileena ere zailtasun handiz iritsiko da urte sasoi ezberdinetan zehar bere saskia elikagai jasangarriez betetzera. Eskaintza eta eskaeraren arteko desoreka nabarmen bat dago.

Bestalde, badira nekazaritza zein abeltzaintza aukera gisa planteatzen ari diren pertsonak. Gazte batzuek erreleboa hartzeko prest agertzen dira baina lantzeko zein abere esplotazioak ezartzeko lurretarako sarbidea oztopo handia suertatzen da eta aukerak ez dira beti gauzatzen. Kasu honetan kontsumo gai jakinen eskaerak ez ditu eskaintza automatikoan bihurtzen.

Iaz, Agroekologia gaitzat zuen hitzaldi batean, Mirene Begiristain EHUko irakasleak EAEko nekazal lurren argazkiaren datuak ematen zizkigun, non ereindako lurren %10 letxugak ziren, %5 tipula eta %25 mahastiak, azken hauen kasuan ekoizpenaren %90a esportaziorako bideratzen delarik. Datu hauei erreparatuz edozeinek ondorioztatu dezake, hautu sendo politiko baten ezean, emaitzak aldatzeko aukerak txikiak direla.

Errealitate honen aurrean ekoizpenaren eraldaketarako apustua ezin du soilik ekoizle eta kontsumitzaileen ardurapean egon, erakunde politikoen esku-hartzea exijitzea ezinbestekoa da. 1. Sektorea indartzeko erakunde eta administrazio maila ezberdinetatik politika jakinak bideratu behar dira, udaletatik abiatuta estatu mailako erakundeetaraino. Lurrak bideratu, ekoizpena lagundu, merkaturatzea erraztu edota legedi espezifikoa sortu.

Posible al da 100km-ko erradioan ekoiztutakoarekin elikatzea? Sinistutako ekoizle eta kontsumitzaileez beste, elikadura subiranotasunera bideratutako politiketatik etorri behar du ekoizpen eta kontsumo jasangarriaren aldeko eraldaketa.


Pin It on Pinterest

Share This