KAFETXO BAT?

TESTUA: OIHANA GALARDI OGALLAR

Hamaika aldiz proposatuko zizuten gonbidapena ala zuk zeuk iradokitakoa. Goizean goiz esnatu ahala, lanean sartu aurretik, goiz erdian, bazkalostean, lagun batekin geratzeko aitzakia, nahiz eta gustatu ez ere!

Arabiga aromatsua (Coffea arabica), kafeina gutxiagokoa, usain sarkor eta zapore finekoa ala Robusta sendoa (Coffea canephora), zernahi ekintza hasteko neke eta loak uxatzeko gai dena. Munduko hirugarren edaririk kontsumituenak hori du, elikagai edo edari batetik harago, soziologikoki kontuan hartzeko ekintza da: errituala; egunero ordu berean hartzekoa, soziala; elkartzeko aitzakia bera, estimulatzailea; azterketa garaian dagoenari galdetu bestela!

Europar gizartea da biztanleko kafe kopuru handienak kontsumitzen dituena, produktu honen ekoizle nagusi diren herrialdetako populazioaren gainetik, Brasil, Vietnam edota Indonesia zein gure imaginarioan kafearen ekoizpenarekin lotzen ditugun Kolonbia, Ekuador edota Etiopiako herritarren aldean. Azken herrialde honetan, Abisiniako mendi eta goi lautadetan du jatorria kafeak. XV. mendearen erdialdean Yemenen ekoizten zen, arabiar herrialdeetan zabaldu eta XVII. mendearen hasierara arte ez zen Europara iritsiko. Amerikar kontinentera mende horren amaiera aldera, Estatu Batuetatik, kontsumo gai gisa sartu zen. XVIII. mendean, Europan, edari honen kontsumoaren hedapenarekin ekoizpena kolonietara zabaltzen hasiko da, Asiatik Amerikar Karibera eta hortik Hego Ameriketara. XIX. mendera arte ez zen Kolonbiara iritsiko.

Nahi izanez gero, kafearen fenomeno soziologikoari, mito intelektuala ere gehi diezaiokegu. XV. mendetik gaurdaino, edari honen zabalpena debekuz eta polemikaz betea egon da, bere efektu estimulatzaileek egonkortasun politiko eta erlijiosoa kolokan jartzen zituela egotzi baitzaio herrialde, kultura eta une historiko ezberdinetan. Kafeari aitortutako ohiturak, beste edari askoren kontsumoaren atzean aurkitzen baditugu ere, tea, beste belar infusio edota hainbat edari alkoholdunetan esaterako, tradizioari eta tokikotasunari erantzutetik oso urrun daude. Gure kafe kontsumo tradizioa hirurehun urteren bueltakoa bada ere, garai jakin batetako modako gosari edariaren bilakaeratik haratago, garaiko koloniek Europar gizarteari eskaintzen zioten aukera ekonomikoetan, gerora harreman komertzial horiek izan duten bilakaeran eta historikoki kontsumo ohitura eta pisu handiagoa izan duen tearen merkatuaren lehiakortasunean oinarritzen da.

Aurrekari ekonomiko horiek ahazten ez baditugu, errazago konprenituko dugu jatorrizko kafearen prezioa merkatu internazionaletan finkatzea, munduko kafe ekoizpenaren %70 familia mailako esplotazioetan sortzen bada ere. Merkatu internazional horietako burtsa artekariek ekoizpenari lotutako faktoreak kontuan hartzen badituzte ere desorekari eragiten dioten beste hainbat sartzen dituzte jokoan: banatzaile handien stock erreserbak, herrialde ezberdinetako gobernu politikak, espekulazioa eta ekoizpenari lotuak ez diren hamaika egoera ere. Honek guztiak, finkatutako prezioen gorabehera handia eta ezegonkorra sortzen du, hala nola, prezioa ekoizpen kostuen azpitik zehaztea. Ondorioz, nekazari askoren lana eta bizi baldintzak arriskuan jarri izan dira pobrezia egoeratara bultzaturik.

Kafearen Jatorrizko ekoizpenari ezarritako prezioetan familien bizi bidaltzetan desberdintasunak sortzen dituen eredu honen aurrean, erantzun duin gisa sortzen da Bidezko Merkataritzaren kontzeptu eta ideia. Ekoizpen kostea eta bizi eta lan baldintza duinak bermatzen dituen prezio minimo bat zehaztea izango da erosketa prezioa ezartzeko irizpide nagusia. Bidezko merkataritzak, ekonomia sozial eta solidarioaren baitan kokatuta, bilakaera eta ibilbide handi bat izan du bai bultzatzaile, kontsumitzaile zein ekoizpenaren aldetik. Ekoizpen eredu agroekologikoan oinarritu izan da eta sozialki eta ekonomikoki jasangarria zen eredu batetik, ingurumenarekiko iraunkorragoak diren ekoizpen ekologikoetarako egokitzapen logikoak integratzen joan da. Oinarrizko 10 printzipioz osatzen da, ekoizpen eta komertzializazio eredu konbentzionalak historikoki ekoizle txikienei ukatu dizkien eskubideen lorpenera bideratuak :

  1. Aukerak sortzea desabantaila ekonomikoak dituzten ekoizleentzat.
  2. Gardentasuna eta erantzukizuna
  3. Bidezko merkataritza-jarduerak
  4. Bidezko prezioa ordaintzea
  5. Haurren lanik eta behartutako lanik ez egotea ziurtatzea
  6. Ez baztertzeko, genero-berdintasuna lortzeko eta elkartzeko askatasuna (sindikala) izateko konpromisoa
  7. Lan-baldintza onak bermatzea
  8. Gaitasunak garatzen laguntzea
  9. Bidezko merkataritza sustatzea
  10. Ingurumena errespetatzea

 EKOIZLEEN KOOPERATIBAK

Lehenago adierazi bezala, mundu mailako kafe ekoizpenaren bi herenetik gora, familia ekoizpenak dira. Kafearen kontsumoari erreparatuz, jatorrizko herrialdeetatik kanpora modu nabarmenagoan egiten dela ikusi dugu, horrek, Bidezko Merkataritza europar gizarte “kontzientziatuetako” merkatu aukera gisa sortutako mekanismotzat ikustera eraman gaitzake. Hein batean horrela ulertu daiteke, merkatu internazionalean egoten jarraitzeko alternatiba hobeago bat. Beste aldetik, Bidezko Merkataritzaren bilakaera aipatu da. Bere sorreratik familia eta komunitateen kooperazioan oinarritu da, familientzat ezezik komunitateetan inpaktu positibo bat izatea ahalbidetzen zuten kooperatiben sorrera eta sendotzearekin. Munduko edozein ekoizle txikirentzat ekoizpenetik komertzializaziorako lan guztia bere gain hartzea ia ezinezkoa da.

Ekoizpenari dagokion egokitze, berrikuntza eta produktibitatetik, komertzializazio modu berrienetara. Jatorrizko ekoizleen kooperatiba horietatik, egun garapenerako eragile, asoziazio eta kooperatiba berriak sortu dira, jatorrizko salmenta baldintzak bermatu eta printzipio guztiak garatzera begira ezezik, banaketa prozesuetan parte hartzera bideratutakoak, tokiko ekoizle eta kontsumitzaileen artean harreman ekonomiko solidarioak eraikitzera, edota amaierako kontsumitzaileak kafearengatik ordaintzen duen prezioaren irabazietan parte hartzera. Ekonomia motak honek azken urteetan jaso duen nazioarteko finantza-lankidetzari esker ohiko ekonomiaren hainbat jardueretan ere lehiatzen hasi da.

Pin It on Pinterest

Share This