KOOPERATIBISMO GARAIKIDEAREN HASTAPENAK

HISTORIA OFIZIAL BATETIK

Testua: Iker Eizagirre

Kooperatibismoa kapitalismoaren erregimen sozialak erditu du. Kapitalak “giza lana” erabili nahi du (beharginak) aberastasuna etengabe metatzeko, “baliabide humano”-ra mugatu nahi du gizakia eta horren aurrean altxa da kooperazioa. Ez da harritzekoa beraz, kooperatibismo garaikidearen koordenadak XIX.mendea eta Ingalaterra izatea.

XVI. mendetik XVIII-ra irlan “jatorrizko metatzea” deitu zaion prozesua emana da: Lur komunalak pribatizatu dira, itxi: nekazariak zirenak proletargo lehenik eta hirirako ondotik emigrante bilakatu dira. Bitartean, kolonizaturiko lurrekin komertzioan, burgesia komertzial eta finantziero indartsua sortu da. XVIII-XIX. zenturietan hamarkadatan jorratu den konbinazioak eztanda eginen du: Industrialismoa. Hego globalaren aberastasuna britainiar metropolian metatu duten horiek, burgesek, lehen fabriketan inbertituko dute, landatik datozen beharginak merke kontratuz eta kapital-metatze aro berri bat abiatuz. Gizon, emakume zein haur ehungintza fabriketara deitua izango da 16 ordu arte lan egitera. Hiri-bilbeek gainezka eginen dute: Zabalkunde ordenatuaz harago txabolismoak inguratuko ditu hiri industrialaren lehen urteak. Arrandiak miseria gorrienetik babesa bilatuko du, burgesiaren gustu on eta finak kaleetako kirats, biolentzia eta zakarkeriari alde egiteko ahaleginak eta bi egingo ditu. Dena Estatua lagun. Modernitatea bete betean.

Baldintza berri hauetan, nekazari, neskame, kale garbitzaile, eskale, emagin… den masa horrek hiri-baldintza oso kaxkar eta berrietan bizitzen ikasi beharko du. Alde izango ditu hiri-kaotiko berrietan nahasiko diren erresistentzia tradizio, usadio zein instituzioak; eskulangintzako gremioen tradizio osoa kasu. Baina mundu hori desegiten ari da eta zerbait berria asmatu beharko dute, mutualismo edota “astelehen santuez” harago. Proletarizatzen ari den behargin berriak, bere kontura aberasten ari diren ugazaben arrandia begi-bistan du bere familien miseriarekin batera. Txiri-txiri, baldintza indibidual ezberdinak jazarpen bertsuaren pean egotearen intuizioa elaboratzen joango dira azpiratuak direnak. Eguneroko bizitzaren kultura erresistentetik, nahita kodifikaturiko balio jakin batzuen kultura batera. Ideologia proletarioa eta klase kontzientzia ari dira hezur-mamitzen.

Prozesu honekin guztiarekin klase sozializazio modu berriak eman dira, zeinak aipatu gisa, elkar-laguntza izan duten osagai lehena. Harreman modu horiek hiri kapitalistaren toki eta momentu ezberdinetan eman direnez, sozializazioa modu espezifikoetan joan da instituzionalizatzen:

  1. Sindikatuetan fabrikan lan baldintzen alde batera egiteko
  2. Alderdi politikoak kontzientzia komun hori indar iraultzaile bilakatzeko, beharrezkoa bada Estatu burgesean parte hartuz
  3. Mutualitateetan ezbeharren aurrean (heriotzak kasu) laguntza funtsak sortzeko eta
  4. Kooperatibetan Modernian zentrala bilakatu den “eremu produktiboan” eragin ahal izateko. Adiera anitzak, baina behargin kondizioa eta honi loturiko elkar-laguntza dinamikak guztietan daude presente.

XIX.-nean burges jatorriko asko ere asaldatuak dira beharginen bizi baldintza material zein espiritualen degradazioarekin. Hiriak humanitatearen putzu beltz bilakatu ditu industrialismoak. Leku hobe bila hasi dira zenbait, “sozialista utopiko” deituak gero sozialista zientifikoen ahotik. Horien artean bat, R.Owen begirunez atxiki du kooperatibismoaren historia ofizialak. Era berean, langile klasearen auto-antolaketa gorakorra da XIX. mendeko 40.hamarkadarako. Ingurumari horretan elkartuko dira “Rochdale-ko aitzindariak” 1844. urtean eta denda kooperatibo bat sortuko dute (hasiera batean irina, azukrea, oloa, gurina eta kandelak baino edukiko ez dituen kontsumo kooperatiba bat). Narratiba ofizialak lehen kooperatibaren sortzaile eta kooperatibismo garaikidearen oinarrien egiletzat hartuko ditu gero;

“Ingalaterra iparraldeko Rochdale hiriko kotoi-fabriketan lan egiten zuten 28 artisauk ezarri zuten lehenengo enpresa kooperatibo modernoa, Rochdaleko Aitzindarien Bidezko Elkartea (Rochdale Society of Equitable Pioneers) Rochdaleko Aitzindariak izenaz ere ezaguna zena (…), kotoi-fabriketako ehuleek lan-baldintza miserableak eta soldata apalak zituztenez, elikagai eta etxerako beste gaien prezio altuak ezin zituzten ordaindu. Horregatik, zeuzkaten baliabide urriak bildu eta elkarrekin lan egitea erabaki zuten, oinarrizko kontsumo-ondasunak prezio baxuagoan eskuratu ahal izateko.”

(Nazioarteko Aliantza Kooperatiboa, https://www.ica.coop/es/cooperativas/historia-movimiento-cooperativo)

28 horien artean emakume bakarra zen bazkidetua, nahiz eta pentsatzeko den emakumeen benetako eragina askoz handiagoa izan zela praktikan: Familia eta ez norbanakoa dira orduan gehiago erreprodukzio sozialaren oinarria, emakumeak dira “etxeko ekonomiaren” kudeatzaile nagusi eta Rochdale-koa ekonomato bat da. Dena den Rochdaleri garrantzia eman bazaio, gerora “kooperatibagintzaren printzipioetan” ezarri zituztelako da. Beren baren barne araudian jasoriko zenbait, mugimendu kooperatibo osoaren printzipioak bilakatuko ziren 1895-etik aurrera. Zehazki: atxikimendu askea eta erretiro librearena, kontrol demokratikoarena, neutraltasun politikoarena eta etengabeko hezkuntzarena.

Ingalaterratik Alemaniara salto eginez, “aitzindaritzan” koka genitzake Wilhelm eta Herman, zeinak 1862-an “beste eredu kooperatibo bat garatu baitzuten, lehen kreditu kooperatibak sortuz” (NAK). Eremu ekonomikoari aplikaturiko “beharginen kooperazioa” azkar zabalduko da Europako zenbait herrialdeetan eta askok Rochdaleko ereduari segiko diote.

Krisia, langile mugimendua eta kooperatibismoaren zalantzak

1873-1890 urteen artean, lehen globalizazioari loturiko krisi ekonomiko luzea emango da. Epe honetan kooperatibagintzak behera egingo du (kooperatiba kopurua), baina krisia gaindituta asko haziko da. Kapital kontzentrazio prozesu itzela emango da aipatu krisian, trust eta kartelak sortuz (integrazioz sorturik mega-enpresak). Hauek lurralde, merkatu eta baliabideen kontrolagatik lehia sustatuko dute etengabe. Estatu-potentzien lehiak etorriko dira, lehen mundu gerlaren ereitea hasia da. 1890.hamarkada da, inperialismoaren garaia.

Klase gatazka Europan indartsu dago: 1871-an Paris kooperatibaz beteko duen iraultza komunala eman da. Lehen internazionalaren desegitearen ostean (1864-1887) bigarrena sortuko da Europan iraultza posible dela sinistuta (1889). 1905-eko gertakariek arrazoia emango diote eta langileen autogestioan oinarrituriko eredu sozial baterako forma politiko garaikidea erdituko da Petrogradon: Soviet-a, behargin delegatuen biltzar politikoa. Kooperatibagintzaren eta langile mugimenduaren arteko aliantza liluragarriak ezagutuko dira: Britainia Handian, inongo bazkidetza baldintza gabe 1893an kooperatibek 35.000 libera ingururekin lagunduko diete langileen kultur etxeei eta langileen greba askori. Garai batez hau ez-ohikoa izatetik urrun egongo da.

Enbor beretik etorriak izan arren (kooperatibagintza eta langile mugimendua), XIX.-naren amaierarako ez ziren gauza bera. Ordurako kooperatibismoaren “anbiguetate genetikoa” agerikoa zen. Lan elkartuko kooperatiben kasura etorriz (eta honi ematen zioten garrantzia berezia bai Marx bezalako iraultzaileek eta baita kontserbadoreek ere), ekoizpenerako bazkidetzen/kooperatzen zuen pertsonaren kondizioa bikoitza da: Behargina da bere lanaren menpe delako bizirauteko, baina enpresari bat ere bada ekoizpen bitartekoen jabe ere badelako. Ez da burgesa izango, ez baitu besteren lana esplotatzen eta hortaz bizitzen (hasiera batean), baina bere interes eta leialtasunak dudakoak dira. Kapitalismoaren zenbait erreformatzailek sistema hobetzeko tresna bezala ikusiko dituzte kooperatibak, “klase arteko aliantza” baten baitan, kooperatiba-enpresa mundura ekarriz. Iraultzaileek klase gabeko jendartea prestatzeko tresna potentziala ikusiko dute kooperatibatan, besteak beste, langileen autogestio gaitasuna trebatzen laguntzen duelako, ekonomiaren berjabetza proletargoa ahalbidetzen duelako eta berehalako bizi baldintzak hobetzen dituelako. Honela, II. Internazionalak irizpideak markatuko ditu: Militante sozialistek kooperatibak sustatu eta bertan egon beharra dute. Eliza bera ere jabe da mugimenduan den eztabaida honek ordena sozialerako eduki dezakeen inpaktuan eta Leon XIII aita-pontekoaren irizpide sozial berrietan (“Rerum novarum”, 1891), kooperatibismo inter-klasistaren aldeko enfasi berezia egingo da.

Non dago kooperatibismoa, iraultza sozialistarekin edo balizko kapitalismo humano batekin?. Hori da aipatu anbiguetatearen aurrean dagoen galdera. Garaikideak diruditen hauek, puri-purian ziren XIX. mendearen akaberan ere. Ikusi dugunez, 1890 hamarkadan krisitik ateratzearekin batera, kooperatibagintza asko handitu zen, zilegitasuna irabazi zuen eta “boteretu” egin zen. Hamarkada honetan sortuko da Nazioarteko Aliantza Kooperatiboa.

Nazioarteko Aliantza Kooperatiboa eta 7 printzipioak

1895 sortu zen Londresen eta berehala, 1896-ean bere “neutraltasun politikoa” azpimarratu zuen. Rochdaleko ereduari jarraiki kooperatiben zenbait oinarri definituko dira. Ez da dudarik geografia/historia ezberdinetan kooperatibismoak genealogia eta esannahi espezifiko bat duela, dena den kooperatibek mugimendu bat osatzen badugu, narratiba ofizialaren baitan bederen, printzipio jakin batzuek partekatzen ditugulako da. Lehen printzipioak 1937. urtean lehenik eta 1966. urteetako kongresuetan berrikusi ziren. Egungoak 1995. urteko berrikuspenean berretsi ziren. Hauek bada nazioarteko mugimendu kooperatiboaren 7 printzipioak:

  1. Atxikimendu boluntarioa eta irekia.
  2. Bazkideen kontrol demokratikoa.
  3. Bazkideen parte hartze ekonomikoa.
  4. Autonomia eta independentzia.
  5. Hezkuntza, formazioa eta informazioa.
  6. Kooperatiben arteko elkarlana.
  7. Komunitatearekiko interesa

(xehetasunak hemen ikusgai: https://coop57.coop/eu/informacion/kooperatibismoa)

Gil de San Vicente-k adibidez, kooperatibismo interklasistaren garaipentzat joko ditu oinarriak. Bereziki “autonomia eta independentzia”, kooperatibagintza mugimendu emantzipatzaileetatik aldentzeko erabilitako printzipio gisa sortu eta historikoki ere erabilia izan delako. Orobat, printzipioek ingurumari duten jendarte kapitalistaren baldintzapenak guztiz iluntzen dituzte, kooperatibismoa mugimendu zabalagoetatik (klase borroka) banatzen dute eta ekonomia “moralaren” esparruan kokatzen dute eremu politikoan (boterearen aferan) baino gehiago.

Dena den, modu desberdinez, baina II. Mundu gerla arte, langile mugimenduak kooperatibaren balio emantzipatzailea azpimarratzen jarraitu zuen. Trotsky edo Lenin-ek adibidez aldaketarako eta ekoizpenerako indarren sozializazio eta demokratizazioa prestatzen laguntzen zutela iritzi zuten. Klase gabeko jendartea behargin kooperatiba handi gisa irudikatu zuten zenbaitek. Iraultzaile bakanen ekarpenez harago, Cophenague-ko II. Internazionaleko kongresuak horrela idatzia utzi zuen 1910-ean: “Langile-klaseak, kapitalismoaren aurkako borrokan, interes handiena du sindikatuek, kooperatibek eta Alderdi Sozialistak, beren autonomia eta batasuna mantenduz, gero eta harreman intimoagoak izan ditzaten”. Iraultza soziala egiteko 3 zutabe eta aliantza mapa zedarritu zen Kongresuan, eta militanteek kooperatibetan jarduteko irizpideak ezarri.

Aitzitik, iraultza permititu baino lehen, eztanda egingo du Modernia kapitalistak: 1914 lehen mundu gerla hasiko da. Militarizazioak indar sozial denak, material eta espiritualak gerrarako nahi ditu, garai zailak izango dira langile mugimenduarentzako eta autogestiorako. Soka gehiegi estututa Errusian Iraultza piztuko da eta honen ereduak Europa osoa dardaratuko du. Gerla ondo miserablea, kontinente zaharrak ezagutu duen urte gorrienetakoak izango dira: Lantoki autogestionatuak, iraultza sozialista saiakerak, II. Errepublika euskal lurretan,… baina horiek hurrengo otordu baterako bazka dira.

Pin It on Pinterest

Share This