LURRALDE BURUJABETZA

COVID ETA KAPITALISMOAREN KRISITIK ATERATZEKO BIDE-ORRI BAT

TESTUA: ANDONI EGIA

ARGAZKIA: AMAIA OCA

Egungo eredu soziokonomikoari (kapitalismo-patriarkal-koloniala) giza-aurpegia jartzea ez da posible, ez herri, ez eta eskualde bakar batean ere. Ez hemen, eta ez han. Ez gaur, eta ez bihar ere. Hau ez da iritizi politiko bat, eremu guztietatik iristen zaizkigun ebidentziak penstamendu kritiko eta materialista minimo batekin aztertzetik begiztatzen zaigu. Aspaldi da akademia kritikoak kapitalismoak aurkezten dituen egiturazko 3 kontraesan nagusi identifikaturik dituela:

1. KONTRAESAN EKOLOGIKOA

Joan zen uzatailaren 29an agortu genituen Lurrak urte bakoitzerako eskaintzen dizkigun baliabide guztiak. Egun hortatik aurrera erabiliko ditugunak beste latitude batzuetan bizi direnen  edo/eta etorkizuneko belaunaldiengandik eskuratuko ditugu.

2. KONTRAESAN SOZIALA

Ekonomia feministak argiki erakusten duen moduan kapitalismoa ez da posible lan erreproduktiborik gabe; historikoki eta gaur egun ere, ia osoki emakumeek egiten dituzten eta  ordainduak ez diren lan horiek guztiek gabe.

3. KONTRAESAN EKONOMIKOA

Aberastasunaren etengabeko kontzentrazioak eta irabazien tasaren etengabeko jeitsierak ezinezkoa egiten du birbanaketa ekonomikoa ahalbidetzen zuen gaindikina.

Egiturazko kontraesan hauei guztei gainera Covid-19ak sortutako osasun krisia gehitu behar diogu, zeina, krisi ekonomiko latz eta global batean bihurtu den, mundu mailan eman den ekoizpen eta kontsumoaren geldialdi orokorraren ondorioz.

BIDEGURUTZE BATEAN GAUDE. ZIRT EDO ZART EGITEKO GARAIA AILEGATU ZAIGU

Norabide baterantz, orain arte jarraitu dugun bidearen mugara iritsi garenaren zantzu guztiak ditugu, eta are gehiago, orain arte jarraitu dugun bideak sortu dizkigun egiturazko arazo eta kontraesan guztien aurrean gaude: larrialdi klimatikoa, ondasun naturalen agorpen orokortua (peak all) desberdintasun sozial, ekonomiko eta territoriala, zaintzen krisia, krisi ekonomikoa, osasun krisia…

Beste norabiderantz, aldiz, seinalizaziorik gabeko bide baten irudi lausoa dakagu, aurretik inork trantsitatu ez duen bide bat, alegia. Bide hau, baina, historian zehar ibilbide eta heltze-puntu ezberdinak dituzten hainbat ekimen politikoz eta ekonomikoz dago osatua, orain arte bederen, modu egituratu eta sistemikoan behintzat, landuak eta planifikatuak izan ez diren proposamenak. Proposamen hauek guztiek sektore ekonomiko ezberdinetan burujabetza prozesuak sustatzen dituzte, hau da, burujabetza sektorialak gauzatzeko baliabideak eskaintzen dituzte.

Hemen proposatzen dena da, bigarren norabide hori osatzen duten, eta esan bezala, ibilibide eta heltze-puntu ezberdinak dituzten ekimen politiko eta ekonomiko hauek guztiak lurralde mailako planifikazio estrategiko baten baitan artikulatzea.  Proposamen honi Tokiko Garapen Burujabea deitu diogu, eta honen azken helburua Lurralde Burujabeak eraiki eta gure jendartearen garapen ereduaren ardatz bihurtzea da.

Horrela bada, tokiko garapenerako eredu berri bat proposatzen dugu, eredu kapitalista eta honek dakarren kontzertazio publiko-pribatua gainditu eta gobernantza publiko-komunitario- kooperatiboan oinarrituko den garapenerako eredu iraunkor, demokratiko eta postkapitalista bat sustatuko duena; eta gaur bihar baino hobe.

GOBERNANTZA PUBLIKO-KOMUNITARIO-KOOPERATIBOAK HIRU ERPIN EDO SUBJEKTU NAGUSI DITU:

1. ADMINISTRAZIO PUBLIKOA

Bere zeregin nagusia garapenerako baliabideen jabetza eskuratu (publifikazioa) eta hauen atzikipen unibertsal, ekitatiboa eta demokratikoa sustatzea da: Lurra, oinarrizko hornidurak eta ekoizpenerako baliabide estrategikoak denon eskura jartzea, alegia.

2. KOMUNITATEAK

Publikoak diren ekoizpenerako baliabide hauen planifikazio estrategikoa egin behar du. Garapena jendartearen mesedetan egiteko irizpide nagusiak finkatu behar ditu.

3. KOOPERATIBOA

publikoak diren ekoizpenerako baliabideak, komunitateak markatutako norabidean dinamizatzeko helburuarekin modu kolektibo, ekitatibo eta demokratikoan erabili behar dira, eta sortzen diren irabaziak komunitatearen esku utzi, aberastasunaren sozializazioa helburu.

Tokiko garapen eraldatzaileak burujabetza prozesuak sustatu behar ditu, sektore estrategikoen jabetza publiko, planifikazio komunitario, eta kudeaketa kooperatiboan oinarrituko diren burujabetza sektorialak (elikadura, energia, finantzak, lana, teknologia, kultura…) lurraldean artikulatuz, eta eskala ezberdinetan egikarituko diren burujabetza territorialak sustatuz. Auzoko eskalan hasi, eta E.H.ko burujabetza prozesua materialki egikarituz.

Eredu honek espezializazio produktiboa alde batetara utzi, eta ahalik eta eredu dibertsifikatuena eta erresilienteena eraikitzen du. Hau da, tokiko garapen burujabea lurralde zehatz batek dituen behar eta desioak asetzeko estrategia bat da, eta horretarako, lurraldea osatzen duten dimentsioak kontrol sozialaren pean ezarriko ditu. Horrenbestez, eraikitzen saiatzen ari garen ereduak jendartearen burujabetza esparruak zabaltzeko eta sakontzeko helburuak ditu, tokiko biztanleen auto-eraketa sozial, ekonomiko, kultural, politiko eta territoriala hauspotuz. Hau da, Burujabetza Sektorialak sustatu, eta, hauek lurraldean artikulatuz, Lurralde Burujabeak eraikitzea, alegia. Jarraian bidea marrazten saiatuko gara.

Zergatik ez Oñatiko eredu energetikoa Euskal Herri guztira hedatu eta Euskal Herria
burujabetza energetikorantz bideratu?

Zergatik ez Errigora, Laborantza Ganbara, Labore, Elika eta Ereindajan bezalako esperientziak sistematizatu eta Euskal Herriko elikadura burujabetzarantz pausuak eman?

Zergatik ez dirua iparraldeko Eusko Monetara pasa, desjabetu diguten Kutxabanketik atera eta FIARE eta KOOP57 bezalako entitate finantza entitate propioen bidez herriko moneta-finantza burujabetzan sakondu?

Egun, ehunka dira, hemen eta orain, eredu postkapitalista bat prefiguratzen duten esperientzia ekonomiko, politiko eta sozialak. Gure esku dago hauek guztiak artikulatu eta tokiko garapen eredu propio bat eraikiz kapitalismoaren kontraesanak gaindituko dituen Euskal Herri burujabe baterantz bideratzen hastea.

Gaur, bihar baino hobe.

Pin It on Pinterest

Share This