NERCADO GALEGO DA CREATIVIDADE

...PARTEKATU HAZTEKO!

TESTUA: GARI GARAIALDE

Galiziako Santiago de Compostelako alde zaharrean bada arreta erakartzen duen erakusleiho bat. Soineko, praka eta jantzi batzuk daude eskegita bertan, abanikoak, poltsak, zenbait lepoko, belarritako eta bestelako bitxiak. Eskultura txiki bat, ilustrazio batzuk eta libururen bat. Gauza txikiak eta gauza handiak. Oihalezkoak, egurrezkoak eta burdinezkoak. Dena oso txukun, oso ikusgarri jarrita. Atearen gainean M urdin bat du eta azpian Mercado Galego da Creatividade dago idatzita.

Espazio kultural anitza da, hiriaren erdigune historikoan kokatua, eta bertan artea, diseinua, eskulangintza eta modarako proposamen ugari aurkitu daiteke, den-dena Galizian bertan ekoitzia. Leku paregabe eta espezializatu bat da, bezeroek Galiziako marka eta pertsona sortzaile ugarik sortutakoak erraz aurkitzeko moduan jarrita. Artisau-lanbideak, tradizioa eta Galiziako kultura artistikoa eta sortzailea bizirik daudela frogatzen du espazioak, eta belaunaldi berriek ere heldu diotela sormen mota honi.

2019 urtearen amaieran jaio zen Creativas Galegas kolektiboa, bakarka jarduten zuten Isabel Pernas, Bea Barril eta Sandra de Rego sortzaileen eskutik. Bakoitzak bere marka, ibilbide eta esperientzia propioa zituen, baina elkarrekin borrokatu zitzaketen behar komun batzuk bazeudela ohartu ziren. Horien artean bezeroarengana modu zuzen eta erraz batean iristen lagunduko zien espazio fisiko batek eskaini zezakeen guztia zegoen. Hirurek osatzen dute Creativas Galegas kooperatibaren bizkarrezurra, baina sortzeko une ber-beretik izan dute ateak beste sortzaileei irekitzeko bokazioa. Gaur egun 120 sortzaile baino gehiago biltzen ditu proposamenak, norbanakoak eta kolektiboak.

Elkarlanari zenbait abantaila ikusi zizkioten, dagoeneko merkatuan ibilbidea duten marka edo enpresen esku baino ez zeudela ziruditenak. Marka bakar baten babesean bilduz gero eta salmenta espazioa partekatuz, negozio-entitate bakar bat bezala jokatuta eta laguntza sare bat ehunduz, helburu komunak lortzeko aukera indartu zezaketela ikusi zuten. Bultzada kolektiboaren bidez, hornitzaileekiko negoziazio-ahalmena handitzea lortu dute, ikusgarritasuna hedatu eta taldekide guztien indar eta baliabideen baturarekin bezeroen trafikoa errazago zuzendu dezakete salmenta-espazioetara. Haien eskuz egindako produktuekin, inportatutako produktuaren aurrean lehiatzeko aukera errealitate bihurtu dute.

Creativas Galegasko kideen hitzetan, sortzaile eta artisauaren irudia, sarri izaten da herriko jaietan saltzen ibiltzen den erdi-hippyena. Badirudi bideragarriak ez diren negozioak gidatzen dituzten ez-profesionalak direla, eta horrek, asko zailtzen du hornitzaileekin, banatzaileekin edo beste kideekin harremantzea. Cretaivas Galegasen helburuetako bat da estigma horrekin hautsi eta proiektu enpresarial bideragarri bat egiteaz gain, profesionalak direla erakutsi eta hartu-emanei beste seriotasun bat eskaintzea. Beste edozein lanbidetan aritzen direnak bezain profesionalak direla azaleratzea.

EKONOMIA SOZIALA BIDE

Beste edozein arlotakoak bezain profesionalak izateak ez du esan nahi beste profesionalen modura antolatu behar duzunik zure jarduera ekonomikoa. Bide horretan, argi izan zuten hastapenetik horizontalki eta elkartasunez lan egitea ahalbidetuko zien irabazi asmorik gabeko kooperatiba bat sortu nahi zutela. Elkarrekiko laguntza eta hobekuntza dituzte itsasargi, ofizioarekiko, lurraldearekiko, tradizioekiko eta galiziar kulturarekiko ardura eta erantzunkidetasuna lantzen dute; berdintasuna, ekitatea, elkartasuna, autogestioa, zintzotasuna, eta erosle eta bezeroekiko errespetu eta tratu zuzena.

Ez dute inon idatzi zein diren Creativas Galegaseko kide izateko bete behar diren baldintzak, baina argi dute zein diren hobesten dituzten baloreak: bertakoa izatea, galiziarra, eskuz lan egiten duena, txikia, sozialki arduratsua izatea…

Gizartean iraunkortasunarekiko gero eta kezka handitzeak eta garapen arduratsuaren kontzientzia hazteak paradigma aldaketa bat ekarri du, tokiko merkataritza berriro balioestera eraman gaituena, eta sortzaileen azokak horri heldu nahi dio.

2022ko abenduan zabaldu zuten, kooperatibako kideek sortutako ekoizpenak salduko zituen gune fisikoa. Espazio bat non, tratu zuzen eta hurbilaren bidez, bezeroek produktu eta zerbitzuak bertatik bertara jasotzeaz gain, kolektiboa osatzen duten profesionalak eta lan-filosofia ezagutzera ematen duena. Zuzeneko lana erakusteko gune bat ere bada eta artisau-sorkuntza-prozesuak zabaltzeko toki aproposa. Sortzaileei, ere, elkartzea errazten die espazio komun bat izateak, elkarlanean aritu, ezagutzak partekatu eta sinergiak sortu ahal izateko.

Sortzaile eta artisauek beraiek zaintzen dute denda, txandaka, maitasun handiz eta egiten dakiten onenarekin. Batez ere, tratu hurbila eman eta giza esperientzia benetako eta paregabeak sortu nahi dituztela diote. Hauek izan ziren kolektiboa sortu eta azoka zabaltzera bultzatu zituzten oinarrizko analisiak, baina 2 urtez lanean jardun ostean, elkarrekin ibiltzeak, elkarren ondoan jarduteak beste abantaila asko ekarri dizkiela deskubritu dute. Diotenez, asko ikasi dute elkarrengandik eta asko ikasten dute egunero elkarrekin bultza eginez. Norberak izan ditzakeen arazoak partekatu, lehenago beste norbaitek saiatutako irtenbideak izandako emaitzak ikusi eta horietaz eztabaidatzeak bide laburtzen du. Elkarrekin garatu, elkarrekin ezagutu, elkarrekin hazi.

Ekuazioak aldatzen direnean eta ekoizpen-prozesuak berritzen direnean, gauzak egiteko modu berriak sortzen dira. Lankideak adiskide bihurtu dira, norbanakoak kolektibo eta superbibentzia beharra bide egin dute. Umetan ezagutu genuen saio hark erakutsi zigun moduan, bakarrik ezin duzu; lagunekin bai.

Pin It on Pinterest

Share This