ZEIN ADINETAN EMAN BEHAR ZAIE MUGIKORRA NERABEEI?

NERABEEK SAKELAKOA IZATE BIDEAN LAGUNTZEKO HELDUENTZAKO GIDA BAT SORTZEN ARI DA IZARKOM

TESTUA ETA ILUSTRAZIOAK: YAIZA ARRIZABALAGA SORAZU

Azken 15 urteetan analogikotik digitalerako jauzia eman ostean, modu digitalean heztearen erronka ez da makala. Analogikoan hezten badakigu. Imitazio bidez, haurrari errepidea igarotzen irakatsi diezaiokegu, edo marrazten. Baina gaur egungo etxeetan digitalean hezterako orduan zalantza askoren aurrean aurkitzen gara. Eta natibo digitaltzat dauzkagun haurrei, inolako aurretiazko prestakuntza edo argibide zehatzik gabe, internetera konexioa duen gailu bat uzten diegu eskura. Ondorioz, umezurtz digitalak direla esaten da gailuaren erabilera desegokia egitera daramatzatenak.

Izarkomen gure bazkideen beharrei erantzuten saiatu izan gara beti eta bada azken hilabete hauetan zabaldu den kezka bat. Noiz eta nola eman bihar diegu nerabeei lehen mugikorra? Galdera honek erantzun zuzenik ez badu ere, gure etxeetako ingurune digitala ahalik eta errespetuzkoena, hezitzaileena eta pedaogikoena izan dadin gida bat egitea beharrezko jo dugu. Gida honetan gailu bat eskuratzeko beharrak identifikatu, erabilerari buruzko kontzientzia hartu, horren gainean hausnartu eta azkenik, erabilerari buruzko akordio bat egiteko baliabideak eman nahi ditugu.

GURE GOMENDIOA: 16 URTETIK GORA, ETA AHAL DELA, 18TIK GORA.

Neurologoek diotenez, 16 urtetik aurrera lortzen du gure garunak halako gailu bat egoki erabiltzeko heldutasuna. Adin horretatik aurrera errazagoa izango da erabiltzailea izatea gailua kontrolatuko duena eta ez alderantziz. Izan ere, mugikorretan eta orokorrean internetera konektatzeko erabiltzen ditugun gailuetan instalatuta ditugun aplikazio asko, menpekotasuna sortzeko diseinatuta daude. Scroll infinituak, etengabeko jakinarazpenak…adikzioa sortzen dute, eta ez da kasualitatea, interneteko industria erraldoien helburua horixe baita: bideojokoen industria, ikus-entzunekoen edukiena, sareena eta sare sozialena…, den-denak gure arreta bereganatzeko lehia bizian dabiltza.

Gaur gaurkoz Euskal Herrian batez beste 12-13 urterekin erosten zaie haurrei lehenengo sakelakoa. Baina segapotoa eman aurretik, erabilpen egoki bat egiten irakastea gomendatzen dute adituek. Afera honen inguruko lanketa egiten dabiltza hainbat guraso elkarte, esaterako Tolosako “Altxa-burua” eta Zarauzko “Bidelagun”, bertako Salbatore ikastolako guraso talde baten gidaritzapean. Zarauzko ekimenean diharduen Miren Rosek ere badaki «zirikatzailea» eta “utopikoa” izan daitekeela proposamena, baina eskaintzen dituen hitzaldi eta eskolen bidez helburu argia du: lehen mugikorra izateko adina ahalik eta gehien atzeratzea.

Gure erronka laguntzaile gisa beraz, gazteak, bere nortasun heldua eraikitzeko bidean, mugikorraren erabilera bere beharren arabera eta bizitzako gainerako jarduerekiko (ikastea, lan egitea, harremanak izatea, garatzea eta bizitzako esperientzia guztiak) orekan autoerregulatzeko beharrezkoak diren gaitasunak garatzea izango da. Ildo horretan, gure gidak ondorengo hiru zutabeak ditu oinarri.

BEHARRAK IDENTIFIKATU

Bi dira funtsean: Bata, nerabeak ez duela ondokoa baino gutxiago izan nahi: “Ikasgelako bakarra naiz mugikorrik ez duena”. Lagun eta ikaskideen artean mugikorraren erabilera orokortzen hasten denean bere burua taldetik kanpo soma dezake. Bestetik, segurtasun sentsazioa ematen digu helduoi gure umeak uneoro non dabiltzan jakiteak. Gure beldurrak lasaitzeko dugun grinari erantzuten dio, ez umeak duen behar bati.

Ikuspegi horretatik abiatuta, hauxe da gure proposamena: nerabeari lehen telefonoa ematerakoan, ikusi ea familia edo bizikidetza unitateko kide modura elkarren artean koordinatzeko premia dagoen edo ez.

Hala bada, ondoren aztertu ea interneterako konexioa duen smartphone bat den beharrezkoa edo ez. Esate baterako, 11-13 urte inguruko nerabe batek garraio publikoan bidaiatu behar badu, helmuga-puntura iritsi dela ziurtatzea baino ez dugu behar, edo, gehienez ere, ibilbidean zehar edozein ezustekoren aurrean laguntza eskatzeko aukera baduela jakitea. Kasu horretan, soilik deiak egin eta jasotzeko aukera duen telefono mugikor bat edukitzearekin nahikoa litzateke. Daturik gabeko tarifa bat kontratatzeko aukera izango genuke, adibidez, eta etxean daukagun sakelako zaharrak balioko liguke jarri dugun adibidea gertatzen denetan.

Premia baina, lagun-taldetik kanpo ez geratzeagatik badator, gurasoen gailuarekin has daiteke nerabea mugikorra erabiltzen (eta sare sozialetean gurasoen profilarekin). Proposamen honek gurasoa bidelagun bihurtzen du mugikorraren erabileran.

MUGIKORRAREN ERABILERAZ HAUSNARTU

Mugikorra ematea erabakitzen dugunean, denon ardura da (bai nerabeak baina baita helduak ere) gailuari emango diogun benetako erabileraz konsziente izatea. Izarkometik ere kontsumo arduratsua sustatzeaz gain, telefonoaren erabilera kontzientea bultzatzearen aldeko jarrera dugu. Argi dugu mugikorra tresna bat dela, eta ez opari bat. Beraz, erabilerari buruzko argibideak, arauak, mugak…garrantzitsuak dira funtzionamendu egoki bat bermatzeko. Hori esanik, gurasoen eta gazteen arteko elkarrizketa eta adostasuna funtsezkoa da: erabilerak justifikatuta egon behar du, eta bi aldeen akordioaren ondorio da.

Ezin dugu ahaztu ibilbide honetan gurasoak eredu eta gidari izango direla: nerabeen pantailaren kontrola, helduen pantailen autokontroletik dator. Urteetako ibilbidea da. Haurtzarotik edo nerabezaro-aurretik hasi eta 18 urte ingurura arte. Horrenbestez erabilera honek mailakatua behar luke izan. Lehen hezkuntzako 5 eta 6. mailetan hasten dira konpetentzia digitalak lantzen, beraz hortik aurrera zentzuzkoa litzateke gailua helburu didaktikoekin erabiltzen hastea adibidez.

ERABILERA HITZARMENA

Erabilera Hitzarmena, izenak adierazten duen moduan, helduaren eta nerabearen artean mugikorra erabiltzeko baldintzak adostetik ateratzen den dokumentua da. Hitzarmen hau egiteko unerik onena mugikorrik ez dagonean da, eta berau eskuratzeko baldintza gisa. Gainera, dokumentu hau eguneratuz joan behar da nerabeak kontzientzia eta erantzukizuna hartu eta bere beharrak aldatu ahala. Behin hitzarmena adostuta, dokumentua sinatu eta erraz kontsultatu ahal izateko lekuren batean gordeko da, bi aldeek gogoan izan dezaten.

Pin It on Pinterest

Share This