SORBURU BARATZA

HIRITARRAK NEKAZARI LANETAN JARTZEKO ELKARTEA

Testua eta argazkiak: Gari Garaialde


Larunbata goiza da eta Hondarribiko Botika baserriaren alboko lurretan kuadrilatxo bat blagan ari da barazkiak sakietan sailkatzen dituzten bitartean. Sorburu Baratza elkarteko kideak dira, asteko gora-bereak elkarri kontatu, aitzurrari eragin eta etxera eramango dituzten barazki-saskiak prestatzen.

Baratza bat edukitzeko aukerarik izan ez baina baina baratzean aritzea gustuko duen jendeari aukera bat emateko sortutako elkarte bat da Sorburu. Bereziki kaletarrez osatutako dago, baserri munduarekin loturarik izan ez arren, barazki osasuntsuak etxera eramatea gustatzen zaion jendez. Elkarte kooperatiboa da, agroekologiaz ikasi eta berau bultzatzeko asmoz sortua.

Hondarribiko Botika gunean dute baratza, bertako agroaldean. Hondarribiko Udalak bultzatutako proiektu bat da agroaldea, nekazaritzako sektorean enplegua sortu eta kalitatezko produktu ekologikoen eskaintza zabala garatzea duena helburu nagusi. Bertan, Sorburuk 5.000 m2-ko lursail bat du, 300 m3-ko negutegi bat eta 3.500 m2ko baratza bat hartzen dituena, bai eta baratza hau aurrera ateratzeko ureztaketa sistema egokia, hazitegia eta baratzeko atxamarta edo tresnentzako txabola bat ere.

Sorburuko kide gehienak baserri mundukoak ez badira ere, honek ez du esan nahi nekazaritza gaietan ezjakinak direnik. Bada bertako kideen artean baratzean eskarmentua duen jenderik, hasiberri eta jakintza gutxiago dutenekin batera aritzen dena, jakintza partekatu eta denen artean gehiago ikasi eta agroekologia munduko teknikak landu eta praktikan jartzen.

Bazkidez osatutako elkartea izan arren, bazkide bakoitzak ez du bere lursailtxoa landu eta norberak nahi dituen barazkiak lantzeko aukerarik. Kolektiboan egiten da dena: planifikatu, landu eta jaso. Urte osorako plangintza bat adosten dute Sorburuko kideek eta lursail osoa baratza bakar baten moduan lantzen dute. Astean zehar egin beharreko lanak, soldatapean kontratatuta dagoen langile batek egiten ditu, modu jarrai batean baratzaren beharrei erantzuteko, eta asteburutan bazkideek hartzen dute erreleboa.

Bazkideek modu boluntarioan egiten dute lana, inor ez dago baratzean aritzera behartuta, eta txandaka antolatzen dituzte haien lanaldiak. Larunbata edota igande goizetan, 8;30etatik, 13:30etara joateko aukera izaten dute bazkideek, bakoitzak aukeratutako egunean egiten duelarik bere ekarpena. Erein, aldatu, belar txarrak kendu, uzta jaso, konposta zabaldu edo ureztatzea izaten dira bazkideek egin beharreko lanak, baratza batek eskatzen dituen ohiko lanak. Txanda guztietan dago arduradunen bat, egin beharreko lanari buruz badakiena, egin-beharrak txukun eta taxuz egin ahal izateko, lehen esan dugun bezala, bazkide gehienak nekazal-mundutik urrun bizi diren kaletarrak baitira.

Aipatutako lanez gain, larunbata goizetan bazkideentzako saskiak hornitu eta antolatzea izaten da bertaratutakoek egin behar duten beste lanetako bat, larunbatero barazki saski jasotzen baitu bazkide bakoitzak, goiz horretan Botikara hurbildu diren bazkideek jaso, bildu eta atondutakoa; garaian garaiko 6-7 barazki ezberdinez osatuta izaten dira saskiak, eta bertara joan behar dute saskia jasotzera. Horrela, harremana estutzen da lanean ari diren eta saskiak jasotzera hurbiltzen diren familien artean.

Bazkideek hilero kuota bat ordaintzen dute, elkarteko langilearen soldata ordaindu eta baratzak izan ditzakeen bestelako gastuei aurre egiteko. Kuota hau, berez, 59,00 €koa da, baina kide bakoitzak elkartearekin duen inplikazioaren arabera, kopuru hau jaitsiz joaten da. Aipatu dugunez, ez da beharrezkoa baratzean lanean aritzea bertako kide izateko, baina lanean aritzen direnak, kuota merkeago ordaindu behar izaten du. Hala, urtean 4 lan txanda egiten dutenek, 52,00 € ordaintzen dute hilean, 7 txanda egiten dutenek, 47,00€ eta baratzean 10 lan saio egiten dutenek 42,00 €.

Sorburuk ekoizten duen barazkien zatirik handiena bertako kideek kontsumitzen dute, saskietan etxera eramanez, baina astero-astero, zenbait ortuari eta berdura bideratzen dituzte Irunen saltokia duen labore Txingudi kontsumo elkartera, bertatik Sorburuko kide ez direnek ere erosteko aukera izan dezaten. Horrela, bazkideen ekarpenez gain, proiektuak aurrera jarraitzeko laguntza ekonomikoa eskuratzen da.

Zuk ere Soruburuko kide izan nahi duzu?

Jarri beraiekin harremanetan

+34 607 356 381

Pin It on Pinterest

Share This