SUSTRAIETATIK ERALDATUZ
HAUR LITERATURA GENERO BERDINTASUNAREN ALDEKO ALIATU BILAKATZEKO EKIMENA IRUNGO EGUZKITZA ESKOLANTESTUA: PAREAN ELKARTEA
ILUSTRAZIOA: NAXARA MAIZTEGI JAUNSARAS
Ipuinak bidaiatzera gonbidatzen gaituzten hegazkinak dira. Haiekin urrutira egiten dugu hegan, ezagutzen ez ditugun paisaia berriekin topo eginez. Batzuetan baina, gure azala zeharkatu eta barru barruan ditugun leku ezezagunak ere bistaratu ditzakegu lerro artean.
Bizitza osoan dira beharrezko halako bidaiatxoak, baina are garrantzitsuagoak dira haurtzaroan. Gurasoekin lotura afektiboa eraikitzeko tresna aproposak izaten dira ipuinak, bai eta lantzeko errazak ez diren gaiez aritzeko abagunea ere. Heriotza edota sexualitatea moduko gai potoloak, arinagoak bihurtzen dira ipuin batekin landuz gero.
Eskolan ere baliabide ezin aproposagoa da ipuina, izan ere, berebiziko garrantzia dute haurren garapenean. Bizitza beraren leihoa da ipuina, baina baita ispilua ere. Amorrua zer den erakusten digute ipuinek, bai eta tristura, beldurra edota bakardadea ere.
Gure barrua islatzen duen bezala, baina, inguratzen gaituen gizartearen ispilu ere dira ipuinak. Gure jendartearen balioak, jarrerak, ezagutzak aurkitzen ditugu maiz lerro artean. Eta tamalez, dezente dira ipuinetan betikotu beharko ez ziren ereduak.
Hala uste du bederen Parean elkarteak eta hari horri tira eginez aritu da Irungo Eguzkitza eskolan, haur eta nerabeei eskaintzen zaizkien ipuin eta liburuak genero ikuspegitik egokiak diren edo ez ikertzeko.
Zehazki, liburutegian katalogatuak dituzten 4.000 liburuetatik 400 aztertu dituzte eta Eguzkitza eskolako zuzendaritza lan taldea eta irakasleak ere protagonista izan dira ikerketan, haiekin egindako bi lan saioetan partekatu baitituzte ikerketaren emaitzak.
Ipuinek irudimena eta jakin mina pizten dituztela jakina da; zoritxarrez, ordea, hain egokiak ez diren balio eta jarrerak erreproduzitzen eta mantentzen laguntzen duten tresnak ere badira Pareaneko kideen iritziz. Eta tamalez errealitate hau ez da horren ezaguna. Ibai adibidez, makinista, pilotu, suhiltzaile edota mediku lanetan topatu dute liburuen azal ezberdinetan. Kattalinek, baina, ez ditu lanbide guztien ateak zabalik aurkitu. Zaintzari lotutako lanen gehiengoa sorbalda gainean amek edota amonek eramaten dutela frogatu dute eta oso gutxitan, gutxiegitan, aurkitu dituzte liburuetan familia eredu tradizionalari ihes egiten dion eredurik.
Haur literaturan genero ikuspegia txertatzearen beharra eta garrantzia mahai gainean ipini nahi izan du ikerketa lan honek eta aterako ondorio eta emaitzak ez dira nolanahikoak. Ipuinetako idazleak, pertsonaia nagusiak, lerro artean edota iruditan agertzen diren estereotipoak, edota emakumeak lan munduan duen presentzia aztertu dute; bai eta zaintzak ipuinetan duen lekua, edota ageri diren familia egoerak eta kultura aniztasuna bera ere.
Adierazle hauek irakasle eta gurasoentzat baliabide bat izan nahi dute, haurrei zuzendutako ipuinak genero ikuspegiari erreparatuta egokiak diren edo ez jakiteko.
Azterketatik, praktikara
Haurrei zuzendutako ipuinak eta generoa harilkatuz, berdintasunean oinarri duen jendartea estu lotzeko asmoz ekin zion iaz eskola honetako liburutegiaren ikerketa egiteari. Pareanen egitasmoa baina, ez da egoeraren azterketa batean gelditu eta berdintasunean hezteko lanean lagungarri izan nahi duten ipuin eta liburuak gida batean bildu ditu. Lan horretan gainera Iruñeko Katakrak liburu-denda eta editorialaren laguntza izan du.
Gida hezkidetza oinarri duten eta euskaraz idatziak diren ipuinen erakusleiho bat izan nahi zuen arren, euskaraz ez daude ezinbestekoak izeneko atala ere badu. Sail honekin agerian jarri nahi izan du Pareanek gure herri txikia inguratzen duten bestelako kulturek aurrerapauso itzelak eman dituztela haur literaturan genero ikuspegia txertatzeko bidean. Gurera iritsi ez diren aurrerapausoak eta beraz, gure haur literaturak ere generoaren bidea ibil dezan lan horiek euskaratzeko aldarria luzatu nahi izan du Pareanek lan honekin. Haien aburuz, «premia nabaria da, orain borondatea da behar dena».
%
IDAZLEAK
Eguzkitza eskolan dauden liburuen %65 baino gehiago gizonek idatzi dituzte.
Gizonek idatzitakoak
Emakumeek idatzitakoak
%
PERTSONAI NAGUSIA
Pertsonaia maskulinoen kopurua femeninoena baino handiagoa da. Soilik liburuen %29,3-k du emakume edo neska bat protagonista.
Haur eta gazteei zuzendutako ipuinetan sarri agertzen da protagonismo mota banatua, baina halakoetan ere neskak eta mutilak ez du narrazioan garrantzia berdina.
Haur hezkuntzan maiz dira animaliak protagonista eta euskaraz ez bada haren sexua argi erakusten, gaztelerako bertsioetan animalia protagonista gehienak arrak dira.
Emakumeen jakintza eta gizadiaren garapenari egiten dion ekarpen sozial eta historikoa jasotzea ere bada hezkuntzaren funtzioa, baina emakumeen presentzia duten ipuin eta liburuak egon baldin badaude ere, kopuruan askoz urriagoak dira.
IKUSPEGI ANDROZENTRIKOA /ESTEREOTIPOAK
Tamalez, gizarteko beste esparru ezberdinetan bezala, estereotipoak eta rolak oso presente daude haur eta gazte literaturan.
Adinean aurrera joan ahala, baztertu egiten dira Haur Hezkuntzarako pentsatuak diren azal koloretsu eta deigarriak. Horien ordez, baina, azal binarioak erabiltzen dira, arrosa eta urdina nagusituz.
Pertsonaien ekintzetan arreta jarriz gero, mutil protagonistek mugimendu handia dute, egoera ezberdinei aurre hartuz. Neskak ordea, egoera lasaiagoetan ageri dira, askotan itxaroten, egoerei aurre hartu gabe. Autonomia eta erabakitze gaitasun eza sumatu daiteke askotan.
Deskripzioetan ere aldeak nabarmenak dira. Neskatoak txukunak, garbiak eta antolatuak ageri dira gehienetan eta emakumeen edertasunari neurriz kanpoko garrantzia eman ohi zaio.
Pertsonai maskulinoa
Pertsonai femeninoa
%
ZAINTZA
Ipuin eta liburuek zaintzak merezi duen garrantzia eman beharko liokete baina oso gutxitan ikusarazten da zaintzaren garrantzia. Aztertu ditugun liburuetatik, % 34,1-an bakarrrik agertzen da zaintza eta umeak bakarrik zainduen paperean kokatzen dituzte ipuinek eta ez zaintzaile gisa.
Gainera, zaintza eta etxeko lanak emakumeen gain jarraitzen dute maila handi batean eta liburuen bidez zabaltzen den iruditegian horrela mantentzen da %95ean.
ESPAZIOA
Zaintza lanek eragin zuzena dute espazioan. Protagonista eta pertsonaia maskulinoak agertoki oso bestelakotan ikusten ditugun bitartean, pertsonaia hauek emakumeak direnean gehienetan espazio pribatuan ikusten ditugu.
Gizonak zaintza lanetan
Emakumeak zaintza lanetan
%
EMAKUMEA BESTE EGITEKOTAN / LAN EKINTZA
Haur eta gazteei zuzendutako ipuinetan, emakumeei lan-ekintza mugatuagoa eskaintzen zaie, hala kopuruari dagokionez nola lanbide-motei dagokienez. Datuei erreparatuz gero, aztertutako ipuinen %13-an ageri da emakume zaintzan ez den bestelako paper batean.
Emakumeak ez dira langile moduan islatzen eta hala agertzen direnean oso profesio feminizatuetan ageri dira batik bat. Gainera, tamalez, adinean gora doazen irakurleei zuzendutako liburuetan oraindik agerikoagoa da bereizkeria hau, benetan arriskutsua.
Familia egoera eta jatorri aniztasuna ere bada aztertutako beste adierazle batzuk eta bietan aniztasun maila eskasa topatu dute.