TXIRRITA PARKEAN

BEHIN BATEAN

ANE ZEBERIO BEREAU

JULEN LUZURIAGA

Hiri-jolastoki batek ezin du naturak (basoak, mendiak, itsasoak…) ematen dituen jolaserako aukerak ordezkatu, baina jolas askeago eta aberasgarriagorako euskarri fisikoa izaten saia daiteke. Saiakera horren emaitza da Txirrita parkea.

Bazen behin jolasteko mundu berrien bila unibertsora jotzea erabaki zuen haur talde bat.

Ahalduntze-kohetea eraiki eta amesten zuten jolas-parkearen bila abiatu ziren. Batek salto-saltoak nahi zituen, beste batek txirristak; txikienek eskuak zikindu ahal izatea besterik ez zuten nahi… Azkenean denon artean ados jarri eta ametsetako mundu berri hari “Unibertsolandia” izena jarri zioten.

Orereta izeneko planeta ezezagun bateko lursail batean lurra hartu zuten. Lekuak erdi utzia zirudien, baina aukeraz betea. Zuhaitzez jositako malda baten azpian zegoen, espazio-ontzi arriskutsuez ondo babestua, eta bizitzaz beteriko herrigune batetik oso hurbil.

– Hau da bila genbiltzan lekua – esan zuen haurretako ausartenak – aske eta gure kabuz jolasteko leku hoberik ez dugu aurkituko! Ekin diezaiogun lanari!

– Baina… nondik helduko diogu? Nola eraikiko dugu jolastoki bat guk bakarrik? – galdetu zuen, apal, beste batek.

– Erraza da! Nahiak gauzatzeko makina besterik ez dugu behar!

Esan eta egin. Lursailaren ertz batean makina miragarria muntatu eta desiraz elikatzen hasi ziren, desirak makinaren alde batetik botaz:

– Gora eta behera, salto eta korri, gelditu gabe ibili nahi dut beti! Izarretaraino hegan joan! – esan zuen neskato bizi batek.

– Ba guri korrika eta saltoka ibiltzea ez zaigu gustatzen, nahiago dugu lasai-lasai erdi-ezkutuan hizketan aritzea… – bi mutil koskorrek.

Makinaren beste aldetik zabuak, txirristak, maldak, mendixkak, eskailerak… ateratzen hasi ziren lehenengoarentzat; eta lurrazpiko tunel bat eta labirinto zabal bat beste bi lagunentzat.

– Izebarekin mendira joaten naizenean bezala izatea nahi nuke! Belarretan oinutsik ibili, zuhaitzetara igo, harriak pilatuz jolastu!

– Nik berriz lagunekin hondartza noanean bezalakoa!

Makina liluragarriaren magiak eremuan zehar belar, hondar eta legarrezko putzu eta kraterrak zabaldu zituen, eta ondoren dozenaka enbor eta motzondo sakabanatu zituen.

Eta pixkanaka, makil batzuk han, soka batzuk hemen, amestutako jolas-unibertsoa osatzen joan ziren.

Bat-batean, berez lotsatia zen mutil batek, besteei zuzenduz garrasi egin zuen:

– Itxoin! Gauzarik garrantzitsuena ahaztu zaigu! Hau gabe ez dago ez jolasterik, ez bizitzerik! URA!!!!

Gainontzeko lagunek, mutilaren ausardiagatik harrituta, isil-isilik begiratu zioten momentu labur batez, eta berehala txalo zaparrada batean eztanda egin zuten, mutilak izandako burutazioarekin, pozik.

Barre eta algarak entzunda herriguneko helduak gerturatzen hasi ziren, ea zer gertatzen zen ikustera, helduei dena ondo kontrolatzea gustatzen baitzaie… Neska txiki batek, parean jarri eta bidea moztuz, honakoa bota zien:

– Et, et, et… leku hau guretzako eraiki dugu! Zuek nahi baduzue eseri inguruan, banku batzuk jarriko ditugu zuentzat, baina utzi guri lasai jolasten!

Horrela izan zen, eta haur beldurgabe haiek munduan gehien gustatzen zitzaienari ekin zioten: jolasteari.

Eta hala bazan edo ez bazan, sar dadila kalabazan eta atera dadila Txirritako plazan.

Pin It on Pinterest

Share This